Streaming plataformetan ikusgai dauden euskaraz sortutako (edo euskarara ekarritako) edukiak kontsultatzeko webgunea martxan jarri berri dute. Zinema aretoetan euskaraz estreinatutako filmen inguruko informazioa ere emango dute bertan.

Zer Non Ikusi ataria-zinea

Ohitura aldaketek eta teknologiaren garapenak aniztu egin dute kultur kontsumoa, eta zer esanik ez ikus-entzunezkoei dagokionei. Telebista eta zinema, horiexek orain gutxira arte filmak ikusteko bi bide nagusiak. Baina hirugarren saihesbide bat agertu da, demokratizazioa aldarri, aurreko biak alboratzea ere ia lortu duena. “Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua aldatu egin da. Hainbat plataforma ditugu, baina euskarazko edukiak aurkitzea ez da batere erraza. Hori erraztera gatoz!

Streaming plataformek areagotu egin dute eskaintza, baina sarri gertatu bezala, euskarak izan ohi duen tokia ez dator bat euskal hiztunen kopuru edota eskaerarekin. Ezagutu ditugu Netflix, Flimin, Rakuten TV, Movistar+, Amazon Prime Video, HBO… EiTBk ere plataforma propioa sortuko duela iragarri du, eta horietan badira euskarazko edukiak. Gutxi, baina badira.

Bada, gaurdanik, Zer Non Ikusi webguneari esker (zernonikusi.eus), batean zein bestean aurkitu daitezkeen filmak kontsultatu daitezke: “Gaur egungo gazte eta haurrek ez dute garai bateko Super Bat; ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzea ez da telebista piztea. Edukiak kontsumitzeko modua aldatu egin da eta ohiturak aldatzea egokitu zaigu. Helduok ere ez dugu aukera askorik edukiak euskaraz kontsumitzeko”.

Oraindik ere, katalogatzeko material asko dagoela ohartarazi dute atariaren sustatzaileek, baina pixkanaka-pixkanaka osatzen joango direla adierazi dute. Gaur gaurkoz, 107 film katalogatu dituzte:

  • Youtube: 7 film
  • EiTB: 53 film
  • Filmin: 40 film
  • Amazon Prime Video: 2 film
  • Rakuten TV: 5 film
  • Netflix: 5 film

Zinema aretoetan azken bi urteotan euskaraz ikusgai izan diren ekoizpenei dagokienez, bost zehaztu dituzte behinik behin: Ama Mu etxera itzuli da (Christian Ryltenius, 2021), Orkestra lurtarra (Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce, 2022), Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk (Max Lang, Daniel Snaddon, Aliona Baranova, Barbora Valecká, Filip Pošivač eta Fabrice Luang-Vija, 2021), Ainbo: Amazoniako gerraria (Jose Zelada, Richard Claus, 2021) eta Ilargirantz (Ali Samadi Ahadi, 2021).