Cristobal Balentziaga jostunaren (Getaria, 1895 – Javea, 1972) bizitzari buruzko telesailaren filmatze lanak burutuko dituzte egunotan Donostiako erdialdean. Moriartik Disney Plus plataformarako ekoitzitako lana da, eta 2023an estreinatuko diren sei kapituluz osatuko da.
Ekaina hasieran abiatu zituzten errodaje lanak Donostian. Igeldo mendian eta Nautikoan aritu ziren orduan, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan izan dira gero: Getarian, Irunen, Azpeitian, Hondarribian, Gasteizen, Biarritzen, Iruñean eta Balmasedan. Bada, errodaje fase berri batean sartuta, Gipuzkoako hiriburuko erdialdera itzuliko dira egunotan, hilaren 18tik 21era, zehazki, Garibay kaleko inguruetara. Udako hilabeteetan zehar luzatuko dira lanak eta Balentziagaren ibilbidean esanguratsuak izan diren beste leku batzuetara ere joango dira: Madrilera (Espainia), Parisera (Frantzia) eta Okzitaniako Tolosara (Frantzia) eta Bordelera (Frantzia).
Alberto San Juan aktore espainiarra jarri da Cristobal Balentziaga protagonistaren azalean. Zuzendaritza lanak, aldiz, Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik osatutako hirukoteak hartu ditu bere gain. Telesail formatuan zabalduko du Disney Plus plataformak eta, aurreikusitakoaren arabera, 2023an estreinatuko da.
Guztira sei atal izango ditu telesailak, eta jostunaren bizitzako hainbat pasarte izango ditu hizpide: 36ko gerratik, jostunak modaren industriaren egin zituen lehen urratsetara. Izan ere, Gerra Zibila lehertzearekin Parisera ihes egin zuen jostunak. Bilintx-en ilobak, Nicolas Bizkarrondok, bere bizilagunak, lagundu zion Parisen hutsetik hasten. Donostiako langileek, aldiz, Eisa izenarekin jarraitu zuen lanean, Askatasunaren hiribideko dendak 1968an itxi zuen arte. Gerra amaitzean, lanari ekin zion berriz ere, eta Bizkarrondoren laguntzari esker sortu zuen Avenue George V hiribidean, Parisen, Balentziaga etxea.