3X4=Orain. Musika, zinema eta literatura argazki liburuan erakusketa hartuko du gaurti aurrera Donostiako San Telmo Musekoak. Gabriela Cendoya Bergareche Bildumako 12 argazki-liburu ditu abiapuntu, historikoak eta garaikideak, eta urriaren 30ra bitartean egongo da ikusgai.

Zinema, musika eta literatura argazkiak eta liburuak oinarri hartuta, hiru diziplina horietara hurbilketa askotariko eta anitza egitea du xede mostrak. Izan ere, 2017ko maiatzetik San Telmo Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak Gabriela Cendoya Bergarecheren argazki-liburuen bilduma kudeatzen du, 3.036 ale. Genero honetako nazioarteko bilduma garrantzitsuenetako bat da, bere bolumenagatik ez ezik, baita hautatutako tituluen kalitateagatik ere. Horietako asko aurkitzea ezinezkoa da gaur egun, eta Gabrielak berau osatzen duten egileekin ezarri dituen harreman pertsonal eta profesionalen emaitza dira.

Bada, lagapen akordio bat sinatu du museoarekin, bere bilduma ezagutzera emateko eta jendaurrean jartzeko batetik, eta arte-adierazpide horren ikerketa eta jakintzan sakontzeko bestetik. Horietatik 12 argazki-liburu ditu abiapuntu mostrak, eta beste hainbeste artistari eskaini zaizkie, hiru diziplinetako bakoitzeko lau artistari, beren analisia eskaini eta begiradak partekatu dezaten.

Zinemaren arloari dagokionean, Arantza Santesteban, Maddi Barber, Oskar Alegria eta Koldo Almandoz zinemagileen interpretazioak jasoko du erakusketak. Argazkiak plano zinematografiko bilakatu eta sekuentziatu egingo dituzte, denboran eta espazioan ikusi ahal izateko, zinema denboraren fluxuan txertatutako gertaera baten behaketa gisa ulertuaz.

Ikusi erakusketaren inguruko xehetasunak, hemen.