Lurraldeko industria bultzatzeko eta sustatzeko kenkari fiskal sorta bat ezartzea du helburu Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurkeztutako lege aurreproiektuak jasotzen duenez, bertan ekoiztutako filmek %35etik %60rainoko kenkaria izango lukete. % 10 handituko litzaieke euskaraz filmatutakoei.
Europako Batzordearen berariazko baimena jaso berritan, Bizkaiko Foru Aldundiak kultura sustatzeko pizgarri fiskalak eguneratzeko asmoa agertu du. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak aurkeztu du proposamena, eta lurraldeak kultur ekoizpenean duen posizioa indartzea eta zergadunei berme juridiko osa eskaintzea du helburu. Agerraldian Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatuak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak ere parte hartu dute.
Ikus-entzunezko sektoreari dagokionez, Bizkaiko industria bultzatzeko eta sustatzeko kenkari fiskal sorta bat ezartzea izango luke helburu Aldundiak aurkeztutako lege aurreproiektuak: “Kenkari hori aplikatzen zaie, nazionalitatea edozein dela ere, film luze eta laburrei eta ikus-entzunezko beste lan batzuei, hala nola fikziozko, animazioko edo dokumentaleko serieei (zinematografikoak, telebistakoak edo formatu digital berrietakoak izan), baldin eta haien kultura-izaera egiaztatzen badute. Kenkariaren oinarria ekoizpenaren kostuak, kopiak lortzeko gastuek eta produktorearen konturako publizitate- eta sustapen-gastuek osatuko dute”.
Hala, lurraldean ekoiztutako filmek %35etik %60rainoko kenkaria izatea proposatuko dute. Aldiz, %45etik %70erainokoa, euskara hutsean errodatutako filmen kasuan. Jarraian aplikazio berriak:
- % 60ko kenkaria, Bizkaian egindako gastuak % 50etik gorakoak badira.
- % 50eko kenkaria, Bizkaian egindako gastuak % 35 eta % 50 artekoak badira.
- % 40ko kenkaria, Bizkaiko gastuak % 20 eta % 35 bitartekoak badira.
- % 35eko kenkaria gainerako kasuetan.
- Aurreko edozein kasutan, kenkaria % 10 handituko da euskaraz filmatutako filmetarako.
Neurri fiskal berriak, bestelako arteei ere aplikatuko litzaieke, hala, sozietateen gaineko zergaren kuota likidoan %30eko kenkaria ezarriko litzaieke zuzeneko arteei, arte eszeniko eta musika ikuskizunei kasu. Liburuak argitaratzeko kenkaria, aldiz, bere horretan mantenduko dute
Aldundiak azpimarratu duenez, Bizkaia da ikus-entzunezko ekoizpenak, atzerriko ekoizpenak eta formatu digital berrietako ekoizpenak barne, eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunak fiskalki sustatzeko Europako Batzordearen baimena duen Estatuko lurralde bakarra.