Zinema zuzendari beterano eta aktore baten arteko adiskidetasuna izango luke Cerrar los ojos karrantzarraren laugarren film luzeak ardatz, eta Ginés García Millán zein José Coronado lirateke protagonistak. 2023ko Cannesko zinemaldirako prest izatea litzateke asmoa.
El espíritu de la colmena (1973), eta El sur (1983) lanek eman zioten nazioartean ospea Ericeri, europar zinemagintzako zinemagile garrantzitsuenen artean kokatzeraino. El sol del membrillo (1992) sortu zuen gero, eta ordutik bestelako proiektuetan murgilduta egon bada ere, bere laugarren film luzerik ez dugu ezagutu.
30 urte luze pasa dira, eta badirudi, Cerrar los ojos izenez, jaiotzear dela. Proiektuaren arduradunek sekretupean mantendu dute berau gauzatzeko nahia, baina iragan astean, Canal Sur Andaluziako irrati-telebistak fikziozko, animaziozko eta lan-dokumentalak babesteko diru-laguntzen onuradunen berri ematean zabaldu zen bolo-bolo itzuleraren albistea.
Tandem Films, Pecado Films eta Ericeren beraren Nautilus ekoiztetxeak ari dira proiektua lantzen, eta karrantzarrak Michel Gaztambiderekin batera idatzi du gidoia, oraindik ere, behin behinekoa dena. 2012an ekingo lioke istorioak, telebista programa bat zinema zuzendari beterano batekin (García Millán) harremanetan jarriko denean. Bukatu gabe utzi zuen bere bigarren film luzea hizketagai dutela, sortzaileari iraganeko oroitzapenek emozio-andana azaleraziko dizkiote, eta bertan aktore izan zuen lagunarekin (Coronado) berriz elkartzeko nahia piztuko zaio.
Itzaletan ere maisu
Gaur arte, hiru film luze soilik zuzendu baditu ere, Ericek ez du bere sorkuntza eten. Abbas Kiarostami zinemagile irandarrarekin Ten Minutes Older korrespondentzia ezagunean parte hartu zuen 2002an – Alumbramiento-, Theo Angelopoulosekin, aldiz, Pier Pasolini gogoratu zuen –Un lugar en el cine (2007)-, hainbat film kolektibotan ere ikusi dugu bere izena –La morte rouge (2006) edota Vidrios partidos (2012)-, eta berriki, Jorge Oteizari eskainitako bideo-instalazioa eraiki du Bilboko Arte Ederren Museoan, BBVA Fundazioaren laguntzaz: Harria eta zerua. Jorge Oteiza, oroipen bat (2021).