Euskadiko, Akitania Berriko eta Nafarroako ikus-entzunezko sektoreen arteko lankidetza sustatzea du helburu ekimenak, eta proiektu irabazleari 6.000 euroko saria emango diote.

NAEN euroeskualdea-zinea

Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik, Akitania Berria eskualdeak, Akitania Berriko Kultura sailak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatuta, NAEN Euroeskualdeko Telesailen Sariaren bigarren edizioa ospatuko dute 2022ko irailaren 5etik 11ra bitartean, Gasteizko FESTVAL telebista-jaialdiaren baitan. Euskadiko, Akitania Berriko eta Nafarroako ikus-entzunezko sektoreen arteko lankidetza sustatzea du helburu egitasmoak, eta proiektu irabazleari 6.000 euroko saria emango diote.

Euroeskualdeko hiru lurraldeetako batean kokatutako proiektuak aurkez daitezke deialdira: telesail, miniserie, fikzio, animazio edo telebistarako zein plataformetarako dokumentalak galdegin dituzte, eta garapen- edo aurreprodukzio fasean egon beharko dute. Hautagaitzak online aurkeztu behar dira FESTVALen webgunearen bidez, uztailaren 22ra arte.

Industriako profesionalek osatutako epaimahaiak 3 eta 6 proiektu artean aukeratuko ditu, eta horien arduradunek irailaren 9an FESTVALen egingo den pitching saioan defendatu beharko dituzte sorkuntzak. Proiektu irabazleak irailaren 10eko galan jasoko du saria.

Koprodukzio gida

Euroeskualdeko ikus-entzunezko lantaldeak egindako lanari esker gauzatu dute Euroeskualdearen koprodukzio gida. Mugaz gaindiko koprodukzioa gauzatu nahi duten eragileentzat beharrezkoa den informazioa biltzen du dokumentuak: euroeskualdeko gobernu kideen lehentasun nagusiak, zergak itzultzeko politikak, laguntza-eremuak, funtsak, sektore-elkarteen kontaktuak, zinema-batzordeen kontaktuak, jaialdietako arduradunen kontaktuak, etab.

Informazio osagarria, Euroeskualdearen webgunean.