Arantza Santesteban zinemagilearen lana nazioarteko zinema jaialdietan sariak pilatu ostean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Txintxua Films eta Hiruko Filmak ekoiztetxeen proiektua da, eta Begin Again Filmsek banatuko du.
‘Polizia-furgoi baten gelaxka txikian, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan: kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan. Film honetan, mundu isolatu eta irudirik gabeko batean bizitzea zer den azaltzen dut’.
Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu egileak 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruko Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta 2022ko irailaren 30ean izango du estreinaldi komertziala, Begin Again Films banatzailearen eskutik.
Ibilbide arrakastatsua
Donostia Zinemaldiaren baitako Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioan parte hartu zuen Santestebanek aurrenekoz proiektuarekin, eta 2020an, jaialdi donostiarreko WIP Europa programan hautatu zuten. Urte berean, MAFIZ saria irabazi zuen Abycine zinema indepentearen Albaceteko jaialdian. Ordutik, arrakastaz betetako ibilbidea izan du nazioarteko zinema jaialdietan.
DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari, eta Portugalen hasitako bideak jarraipena izan du, 39. Torino Film Festivalean -TFFDOC Internazionale saileko film onena-, Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian –Latexos saria eskuratuta itzuli zen bertatik- edota Iruñeko 16. Punto de Vistan. Azken honetan, publikoaren saria zein epaimahaiaren aipamen berezia irabazi ditu (irakurri Ines Arruek idatzitako kritika, hemen). Geroztik, Uruguain, Alemanian eta Errumanian ere lehiatu da filma.