Uniko ekoiztetxe bilbotarraren lana Ottawa International Animation Festivaleko sail ofizialean erakutsiko dute, irailaren 21etik 25era bitartean. Iparramerikako animaziozko zinema jaialdi entzutetsuena da.
Annecy hiriko animazio jaialdi entzutetsuenean lehiatzetik dator Unicorn Wars, eta urriaren 6tik 16ra bitartean Sitges hirian ospatuko duten Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Zinema Jaialdian erakutsiko dute. Sail ofizialean parte hartuko du Alberto Vázquez animaziogile laudatuaren proposamen berrienak, eta ostean, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko dutela iragarri dute, urriaren 21ean, hain zuzen ere.
2022ko irailean, baina, Zineuskadi elkarteak jakinarazi berri duenez, Kanadan izango da Uniko ekoiztetxe bilbotarraren parte hartzea duen lana. Ottawa International Animation Festival jaialdian lehiatuko da, beste sei filmekin batera, sail ofizialean. Iparramerikako animaziozko zinema jaialdi entzutetsuena dena hilaren 21etik 25era bitartean gauzatuko dute.
Gerraren aurkako aldarria
Gaur egungo aktualitateari buruzko hausnarketa antibelizista proposatzen du Unicorn Wars animaziozko film luzeak, ipuin fantastiko baten itxura hartuz, gerra guztien oinarrietara joz. Zinemagilearen hitzetan, filma sortzen hasi zirenean “Europan gerra piztu zitekeela pentsaezina zen”, eta gizakiok “akats berberak behin eta berriz errepikatzea berezkoa dugula” azaldu du. 2D eta 3D teknologiak uztartzen dituen helduei zuzendutako animaziozko lana indarkeriaz betetako film iluna da, peluxezko hartzen eta adarbakarren azken gerlaren inguruko kontaketa.
Animaziozko film luzeen nazioarteko koprodukzioak sustatzeko Cartoon Movie foroan parte hartu zuten Unicorn Wars laneko ekoizleek, iragan abenduan, eta hilabete batzuk geroago, Malagako Zinema Jaialdian erakutsi zuten.