Hego Euskal Herriko hiriburuetan aurkeztu ostean, Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako Bi arnas dokumentala herriz herri ariko dira datozen egunotan erakusten. Durangon, Lazkaon eta Arizkunen egingo dituzte emanaldia, hurrenez hurren.
Mari Nieves Diaz amaren eta Iratxe Sorzabal alaba torturatuaren testigantzak jasotzen dituen sorkuntza lana da Bi arnas. Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bildu dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta tortura kasuen ikertzailea; eta Serge Portelli, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.
Herri ekarpenaren indarra
“Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak”. Hitzok erabilita aurkeztu zuen iragan urtarrilean herritar talde batek esku artean duen irabazi asmorik gabeko proiektua. Egitasmoa martxan jarri zutenean, 15.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten, ekoizle handien eta diru-laguntza publikoen babesik gabe, eta itsulapikoa.eus ataria erabiliz, auzolanaren eta elkartasunaren bidez, 12.525 euro lortu zituzten sustatzaileek, ezarritako kopuru optimoa gaindituz.
Ekoizpen prozesu osoa amaituta, iragan maiatzaren 22an aurkeztu zuten Irungo Amaia Kultur Zentroan, Sorzabal sendiaren jatorrizko herrian. Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du lanak, eta Jon Mikel Fernández Elorz eta Imanol ‘Kima’ Arzuaga izan ditu sustatzaile nagusiak.
Estreinaldiaz geroztik, Gasteiz, Iruñean, Donostian eta Bilbon proiektatu dute lana, eta herriz herri erakusten hasi dira ere. Bizkaia aldean izan dira ekaina bukaera, eta behinik behin, hiru emanaldi iragarri dituzte uztailerako:
- Uztailak 7, DURANGO | 19:00etan, Iurretako Montoste elkartean.
- Uztailak 19, LAZKAO | 22:00etan, herriko plazan.
- Uztailak 22, ARIZKUN | Ordua eta tokia zehazteke*