Uztailetik irailera bitarteko ikus-entzunezkoen eskaintza argitu du museoak. Zinema ziklo, festibal eta emanaldi bereziez gain, bi erakusketa ere egongo dira ikusgai, Z aretoan.

Artium udako agenda-zinea

Hilaren 7tik 28ra bitartean, ostegunero, 2022ko Jazzinema zikloko film bana pantailaratuko dute Gasteizko Artium Museoan. Euskadiko Filmategiak proposatutako eskaintza da, eta Bert Sternek 1959an zuzendutako eta klasiko bilakatu den Jazz on a Summer’s Day lanaren bertsio zaharberrituak ekingo dio. Jazz musikari handienen interpretazioak jasotzen dituen dokumentala da, eta saioa Alberto Ibarrondok aurkeztuko du, Gasteizko Jazz Jaialdiko zuzendariak. Mo’ Better Blues (1990) filmak emango dio jarraipena zikloari, Spike Lee zuzendariak zinemaren eta jazzaren unibertsoari egin dion ekarpenik aipagarrienak. Kasu honetan, Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema Sailaren arduraduna gerturatuko da hirira. Ascenseur pour l’échafaud (Louis Malle, 1957) izango da emango duten hirugarren lana, eta Thelonious Monk: Straight no Chaser (1988) dokumentalarekin itxiko dute sorta.

Horrez gain, film laburrak eta zuzeneko musika uztartuko ditu, aurten, hamahirugarrenez, Korterraza jaialdiak. Gasteizko gune ezberdinetan egin izan da, eta Iparraldeko parkeko frontoian ospatu dituzte azken edizioak, espazioak osasun neurriak zorrotz errespetatzeko aukera eskaintzen zuelako. Bada, 2022ko edizioa aurkeztu berri du Kultura Kalean! elkarteak, eta Artium Museoa bilakatuko da egoitza. Uztailaren 7tik 9ra bitartean erakutsiko dituzten 42 film laburrek osatuko dute egitaraua.

Bilboko Institutu Frantsesarekin elkarlanean, hilabeteko azken asteartean emanaldi berezia ere hartuko du museoak. Sophie Letourneur zinemagile frantziarrak zuzendutako Énorme (2019) komedia pantailaratuko dute. Saioa 18:30ean hasiko da, eta sarrera doan da.

Z aretoko erakusketak

Lurralde zinematografikora jauzi egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ikusaraztea helburu du Z aretoak, eta bi erakusketa jarriko dituzte bertan martxan. Garbiñe Ortega da bataren zein bestearen komisarioa.

Batetik, Ephraim Asili zinemagile, artista eta hezitzaile estatubatuarraren Fluid Frontiers filma beregain duen erakusketa uztailaren 17ra arte egongo da ikusgai. The Diaspora Suite proiektuko bosgarren eta azken pelikula da, Detroit ibaiaren inguruetan errodatutakoa, 16 milimetrotan, eta erresistentzia eta askapena aztergai dituena. Afrikako exodoarekin duen harreman pertsonala azaleratuko du ere. Audre Lorde, Sonia Sanchez, Nikki Giovanni, Margaret Walker, Don L. Lee, Etheridge Knight eta Dudley Randallen poemak entzungo dira bertan, Detroit eta Windsor hirietako afroamerikar inguruetako biztanleek kalean ozenki irakurritakoak. Asilik inguru fisikoari ere begiratzen dio, bere oroimenetik bizirik dirauen hiri taupadatsu bat erakusten duen hiri-erretratu bat eskaintzeko.

Bestalde, Bruselan bizi den Edurne Rubio artista bisualaren film berriena, Clamor, aitzakia hartuz atondu duten erakusketa egongo da ikusgai, uztailaren 22tik irailaren 18ra bitartean. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean ekoiztutako proiektua da, eta, orain gutxi arte, bataioa jaso aurretik hildako suizidak hilerri katolikoetan nola ez zituzten onartzen izango du aztergai. “Etxekoak, etsiturik, beren gorputzentzako leku duin baten bila ibiltzen ziren isilpean. Mendia eta haizea partekatzen dituzte ehorzketa horiek fusilatuekin, ateoekin, oinezkoekin, protestanteekin… Kanpaiek inoiz ez zuten ‘besteentzat’ jo eta, hala ere, hilerritik kanpo, erakundetik kanpo, heriotza paisaia bihurtzen da”.