Erakundeak jakitera eman duenez, zinemagile donostiarraren funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa katalogatu du, eta bere artxiboan kontsultatu ahalko dira, komunitate zientifikoaren esku ere utziz. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.
Donostia Zinemaldiarekin eta Elias Querejeta Zinema Eskolarekin lankidetzan katalogatu eta kontserbatuko du Euskadiko Filmategiak Ezeizaren (1935-2011) funtsa. Erakundeko zuzendaria den Joxean Fernándezek elkarlanaren garrantzia azpimarratu du prentsa-ohar bidez: “Ezeiza zinemagile, teoriko eta gure zinemagintzaren bultzatzaile izateak duen garrantzia kontuan hartuta, funts hori osatzen duten lehen mailako iturriak ikertzaileentzat eskuragarri jartzea urrats garrantzitsua da euskal zinemaren historia hobeto ezagutzeko. Euskal ondare zinematografikoa babesteko erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona ere bada”.
Josefina Rubiok, Ezeizaren alarguna zenak, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalei oinordetzan utzi zien senarraren funtsa, eta horiek, 2020an, ondarea Euskadiko Filmategian uztea erabaki zuten, hitzarmen bidez. Erakundeak materiala modu egokian kontserbatzeko eta katalogatzeko ardura hartu zuen, funtsa osatu bidean, horiek jaso, egokitutako artxiboetan gorde, eta inbentarioa eginez.
Material bibliografikoek, zinematografikoek eta audioek osatu dute funtsa, eta guztira, 257 erregistro sortu dituzte: zinemagileak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta artikuluak -gehienak mekanografiatuak, baina badaude eskuz idatzitakoak ere-; halaber, gidoi berriak prestatzeko erabilitako materiala, oharrak eta ideia solteak; prentsan artikuluak, Ezeizari buruzko testuak, etorkizuneko proiektuak lantzeko interesgarritzat jotzen zituenak; donostiarraren filmografiarekin eta bere ibilbidearekin lotura duten diplomak eta argazkiak…
Bestalde, 51 audio zinta magnetiko ere aurkitu daitezke funtsean. Zinta guztiak Eresbilek (Musikaren Euskal Artxiboak) digitalizatu ditu, eta gehienak Ikuska saileko filmeetako elkarrizketen audioek osatzen dute. Horiez, gain, sei zine bobina (Super-8mm) daude, guztiak Ikuska sailaren aleetako irudiekin eta baztertutako eszenekin.
Ezeizaren funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa kontsultatu nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du, webgunean.