Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko sei elkarterekin lankidetzan, hiru probintzietako zinema eta ikus-entzunezkoen azterketa egingo du NOR ikerketa taldeak. Txostena irailean aurkeztuko dutela aurreikusi dute.

iparraldeko-ikusentzutezkoen azterketa-zinea

Euskal Herriko Unibertsitateko NOR ikerketa taldeak jakinarazi duenez, Ipar Euskal Herriko zinema eta ikus-entzunezko egoera aztertuko du. Hiri Elkargoa, Akitania Berriko Liburu Zinema eta Ikus-entzunezkoen agentzia, Pirinio Atlantikoko Departamendua, Akitania Berria, Nafarroa eta EAEko Euroeskualdea Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Kultur Erakundea izango dira EHUrekin batera diagnosia burutuko duten erakundeak, eta uztailaren 12an argituko dituzte ikerketaren nondik norakoak. Asmoa, irailean emaitzen txostena aurkeztea dute.

Ekaina bukaeran agertu zuten entitateek ikerketa burutzeko asmoa, eta Baionan egindako agerraldian “EHUrentzat egun historikoa” dela nabarmendu zuen Inmaculada Aroztegi Madariaga EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak. Aurrenekoz sinatu du EHUk Ipar Euskal Herriko sei erakundeekin elkarlanean aritzeko hitzarmena, eta helburua, “ikerkuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren arloan aldeen arteko lankidetza-esparru bat sortzea” litzateke, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko zinemagintza sektorearen balantzea egin eta politika eraginkor bat abiatzeko. Balantze horrek lurraldeko ekoizpen eta koprodukzioak azpimarratuko ditu, baita Frantzian 2015 eta 2021 artean ekoiztutako/batera ekoiztutako euskarazko filmak ere.

Zukugailua elkarteko kide eta EHUko ikerlaria den Graxi Irigaraik ere hartu zuen hitza, eta Zukugailuari esker euskaraz sortzeko gogoa badagoela aipatu du, eta erakundeak sektorea nola lagundu bilatzen ari direla. Ipar Euskal Herriko zinemagintzaz ari da tesia egiten, hastapenak aztertu ditu, eta ohartu da hiru probintziak oraindik profesionalizatze bidean daudela.

Masthieu Berge Euroeskualdearen ordezkariak, bestalde, goraipatu zuen azken urteotan Iparraldean ekoiztu den euskarazko alea “ikaragarria” izan dela; hizkuntza politikari dagokionez, esan zuen baitezpadakoa dela euskararen erabilera bultzatzea eta egingo duten diagnosiak horretan lagunduko duela. “Ondoko urteetan baliteke Europako funtsetatik 4 eta 5 milioi euro isurtzea mugaz gaindiko hizkuntza politikan. Baliteke horren parte bat ekoizpen zinematografikorako baliatzea”.

Euskararen Erakundeko lehendakaria den Antton Kurutxarrik, gainera, gazteak izan zituen hizpide, beraientzako irudiek zein garrantzia duten azaleraziz, eta beraz, euskararen sozializazioa helburu, arlo hori indartu eta lagundu behar dela aldarrikatuz.