Sartu gara uztailean, uda sasoiko lehen hilabetean. Oporraldian, kulturaz gozatzeko aukera izango da, beste behin, hirian, izan ere, Donostia Kulturak eman du jakitera datozen asteotarako jardueren egitaraua. Jazzaldia iristear da, musika kontzertuak izango dira nagusi, antzerki obrak ere, eta zinema eskaintzak jarraipena izango du.

Donsotia Kultura-uztaila

Ikus-entzunezkoen eskaintzari dagokionez, Stacy Peraltak zuzendu eta Patagoniak ekoiztu duen The Yin & Yang of Gerry Lopez (2022) dokumentala aurkeztuko dute, uztailaren 17an, Antzoki Zaharrean. Filmak surfaren historiako heroi enigmatikoenetako bat izango du protagonista, Gerry Lopez. Estatubatuarra Donostiara bertaratuko da, emanaldiaren osteko solasaldian parte hartzera. Sarrerak 7,5 euro balio ditu.

Surf oldarkorra burutu izan du Lopezek, negar-malko ugari zein odol-jario nabarmena atzean utziz. Kirolari erradikala da estatubatuarra, baina aldi berean, ondorengotza garrantzitsua utzi duena. Enperadorea, familia-gizona, zinema izarra… denetarik izan da, eta orain, kameren aurrean kontatuko du bere bizitza.

Bestalde, Aiete Kultur Etxean, haurrentzako hainbat zinema saio prestatu dituzte. Animaziozko film klasikoak eta garaikideak uztartuko dituzte, euskarara zein gaztelaniara ekarritakoak. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte. Besteak beste, Pinocchio, Ice Age 2, The Jungle Book, Mulan, Minions, Las aventuras de Tadeo Jones edota Garfield lanak egongo dira ikusgai.

Tabakalerako eskaintza

Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrenari eskainitako Nosferatu zikloak etenaldia egingo du, Tabakaleran. Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatutako emanaldien baitako saioek atseden hartu bitartean, hainbat emanaldi berezi egongo dira ikusgai.

Hilaren 7tik 28ra bitartean, ostiralero, (aurreneko saioa kenduta, ostegunean izango da) 2022ko Jazzinema zikloko film bana pantailaratuko dute; eta asteburuetan, ihesak, paisaiak, autoak, argazkiak, amodioak, basamortuak, hausturak, itsasontziak, margolaritza, hondartzak, adiskideak, desagertzeak, bidaiak, trenak, itsasoa ardatz izango dituzten lanak eskainiko dituzte, Ihes puntua izenpean. Gainera, A quien cierra los ojos, Ana Díez (Tutera, 1957) dokumentalgile nafarraren azken lana, aurkeztuko dute uztailaren 9an.

Erakusketei dagokienez, Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrena aitzaki, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak aurkeztu duten ‘Imajinatu zinemaldia’ erakusketa ikusgai izango da uztailaren 4tik 24ra bitartean; eta Dea Kulumbegashvili, Jeremiah Lemohang Mosese, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-kek zinema-aretoetarako filmak egiteko praktikaren bidez sortutako instalazio zinematografiko desberdinak bilduko dituen Vive le cinéma! Bisita gidatuak eskainiko dituzte, aldiz, uztailaren 14an eta 28an.

Donostia Kultura egitaraua osorik, jarraian.