2023ko programara proiektuak aurkezteko epea zabaldu berri dute, irailaren 1era arte. Indarra hartzen ari den talentua eta ikus-entzunezko sorkuntza babesteko eta bultzatzeko xedea du. Sei proiektu hautatuko dituzte, eta sortzaileek zortzi asteko egonaldia egin beharko dute.

Ikusmira Berriak deialdia-zinea

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatuta, ikus-entzunezko proiektuak laguntzeko Ikusmira Berriak programa eta egonaldiak bederatzigarren edizioan izena emateko aukera zabaldu du. Irailaren 1era arteko epea izango da Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako sortzaileen zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko. Ondoren, horiek guztiak aztertu eta azaroan jakinaraziko dira bost kategoriatan hautatu diren lanak.

Aurten ere, Tabakalera zentroan egin beharreko zortzi asteko egonaldia bitan banatuko da: proiektua martxan jartzeko sei aste, 2023ko martxo eta apirilean; beste bi aste, Donostia Zinemaldian bertan, zuzendariek beraiek proiektua, ordurako garatu samar izango dutenean. Hala, zinema-industriako ordezkarien aurrean aurkezteko aukera izango dute.

Maiatzetik irailera bitarteko tartean, aldiz, bere kontura ariko dira lanean zinemagileak, industriako adituen batzordearen aldetik online tutoretza jasoko duten bitartean. Gainera, hautatu diren lanek 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko dute ekainean, eta Irusoin ekoiztetxeak Irusoin Postprodukzio Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati, soinuan, kolorean, grafismoan eta DCP masterrean lan egiteko.

Deialdiaren oinarriak eta gainerako informazioa programaren orrialdean dago eskuragai.