Terrence Malick zinemagile estatubatuarraren opera primarekin ekingo diote uda garairako atondu duten eskaintzari, eta abuztu bukaera arte luzatuko da. Tartean, zinema garaikideari buruzko ikastaroa burutuko dute Medialaben.

Ihes puntua-tabakalera-zinea

“Zer da udako film bat? Errutina haustearekin, ihesaldi txiki batekin, beste bizitza posible batera ihes egitearekin lotzen dut nik urteko garai hori. Filmetan antzeko zerbait gertatzen da: bestelako bizitza posibleak irudikatzeko aukera ematen dute, baita horietan bizitzekoa ere”. Hitzokin aurkeztu du Lur Olaizola Donostiako Tabakalera zentroko ikus-entzunezko programaren koordinatzaileak Ihes puntua zikloa.

Badlands abiatuko du gaur, uztailak 1, uda garairako atondu duten zinema ziklo berezia, eta ihesak, paisaiak, autoak, argazkiak, amodioak, basamortuak, hausturak, itsasontziak, margolaritza, hondartzak, adiskideak, desagertzeak, bidaiak, trenak, itsasoa izango ditu ardatz. Abuztu bukaera arte luzatuko da, eta zinemaren historiako sortzaile handienen lanak pantailaratuko dituzte: Ingmar Bergman, , Jim Jarmusch, Albertina Carri, John Cassavetes, Jean-Luc Godard, Nobuhiro Suwa, Wim Wenders edota Jean Rouch.

Dagoeneko uztaileko saioetarako sarrerak eskuragarri jarri dituzte, Tabakalerako webgunean. Jarraian datak:

  • Uztailaren 1ean, Badlands (Terrence Malic, 1973)
  • Uztailaren 2an, Big Ben: Ben Webster in Europe (Johan van der Keuken, 1967)
  • Uztailaren 8an, Summer with Monika (Ingmar Begman, 1953)
  • Uztailaren 16an, Wildwood, NJ (Carol Weaks Cassidy eta Ruth Leitman, 1994)
  • Uztailaren 23an, Husbands (John Cassavetes, 1970)
  • Uztailaren 30ean, Mystery Train (Jim Jarmusch, 1989)

Filmok ikusteko aukera emateaz gain, zinema garaikideari errepasoa emateko asmoz antolatutako ikastaroko hainbat saio ere gauzatuko dituzte Tabakaleran. Medialab Egongelan, aurreko astean zinema aretoan eman duten filma izango dute abiapuntu, 18:00etatik 18:45era: uztailaren 7an Badlands, uztailaren 28an Husbands, eta abuztuaren 25ean Paris, Texas (Wim Wenders, 1984).

Hanburgoko Unibertsitatean Pedagogian lizentziatutako Frauke Schulz Utermöhl izango da gidaria. Goethe-Institut Alemaniako Kultur Erakundearen Donostiako Ordezkaritzako zuzendaria izan da hogei urtez, eta Madrilgo Goethe-Institut erakundearekin elkarlanean jarraitzen du.

Ikastarora bertaratzeko sarrera doan da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da.