Akordioaren bidez, jaialdia eta kultura zinematografikoa hurbildu nahi dituzte TikTok sarea osatzen duten “mila milioi” pertsonengana.

Zinemaldia-TikTok-zinea

2022ko irailaren 16tik 24ra bitartean gauzatuko da Donostia Zinemaldia, eta 70. edizioa berrikuntzekin dator. Bere historian aurrenekoz, formatu mugikorreko entretenimendu plataforma batekin harremana sustatu eta teknologia zein lengoaia berriekin lotura zuzena duen belaunaldiarengana hurbilduko du. Izan ere, bazkide berria batu zaie sarera, eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak argi hitz egin du: “Zinemaldiaren bokazioa ikus-entzule guzti-guztiei kasu egitea da, eta TikTok aliatu ona da eginkizun horretan”.

Aliantzaren ondorioz, “eduki esklusiboetara eta Zinemaldiaren une errepikaezin ugaritara sarbidea” izango dute herritarrek, hainbat sortzaileren eskutik. Hala, festibala barru-barrutik ezagutzeko aukera izango dute: zinema izarrak Maria Cristina hoteletik irteten, gonbidatuak Kursaalera iristen, etab.

Mundura begira dagoen leihoa

Istorioak bideo bidez sortu, ezagutu eta partekatzeko aukera ematen du TikTok plataformak. Mundura irekitako leiho berri bat da, bere komunitateari entretenimendua eskaintzeko aukera ez ezik, erabiltzaileei euren sormena pizteko gero eta soluzio gehiago proposatzea ere eskaintzen diena. Arduradunek aitortu dutenez, Espainiako zinema-jaialdi garrantzitsuenarekin eta nazioarteko zirkuituko jaialdi garrantzitsuenetako batekin egindako aliantza berri honek indartu egiten du bere kultura eta entretenimendua babesteko eta sustatzeko duen konpromisoa, plataformaren barruan zein plataformatik kanpo. Mila milioi pertsonatik gora erabiltzen dute mundu osoan, eta horiei Donostia Zinemaldia eta kultura zinematografikoa hurbilduko diete.