Filmin plataformak antolatutako festibalak aurrenekoz izango sail ofizial lehiakorra, eta besteak beste, aktore durangarrak film onena erabakitzeko eskumena izango du. Aldiz, Ekain Albite zinemagile gazte zumaiarrak euskaraz errodatutako Negu Hurbilak filma 10.000 euroko saria irabazteko hautagai da, jaialdiko Work in Progress laborategian.

Atlantida festibala-zinea

Argazkia: FILMIN

Atlàntida Mallorca Film Fest zinema jaialdi hibridoko 12. edizioa aurkeztu zuen atzo Jaume Ripoll ekimeneko zuzendariak Espainiako Zinematekan (Madril). Uztailaren 24tik 31ra bitartean ospatuko dute, Palman, eta ostean, Filmin plataforman. Zinema, musika, hizketaldiak eta industria-topaketak uztartuko dituzte, Isabelle Huppert eta Sergei Loznitsa omenduko dituzten ekitaldian.

Aurten, aurrenekoz, sail ofiziala izango du AFFF jaialdiak, eta banaketa gastuetarako 10.000 euro emango dizkiote film onenari. Guztira, 22 film luze lehiatuko dira, eta horietatik 13k belaunaldi gazteen dilema, hausnarketa eta gatazkak izango dituzte aztergai.

Hala, epaimahaia ere belaunaldi ezberdinetako kideek osatuko dute. Zinema industrian esperientzia duten Eneko Sagardoy aktore durangarra, Leticia Dolera eta Nacho Vigalondorekin batera Mateu Bibiloni, Paula Martín eta Sophi Burgüer zinema ikasle gazteek izango dute filmak ikusi eta denetan onena erabakitzeko eskumena.

Andrea Bagney zinemagile madrildarraren Ramona lehen film luzeak irekiko du festibala, eta Kike Maíllo bartzelonarren dokumental berrienak itxiko du, El falsificador lanak, hain zuzen ere. Ostean, Amaia abeslari iruindarrak kontzertua eskainiko du. Tartean, Gaspar Noéren Vórtex, Alain Guiraudieren Un héroe anónimo, Jan P. Matuszynskiren  Varsovie 83, une affaire d’état, Albert Serraren Pacifiction, Sergei Loznitsaren The Natural History of Destruction edota Bruce Weberren The Treasure of His Youth: The Photographs of Paolo Di Paolo lanak izango dira ikusgai.

Bestalde, izen handiko bisitari ugari gerturatuko dira Palmara, besteak beste, Marina Abramovic, Gaspar Noé, Annie Ernaux, Alain Guiraudie, Fernando Trueba, Amaia edota Rita Payés. Eta hitzaldietan, mahai-inguruetan zein enkontruetan parte hartuko dute.

Talents Lab 2022

Europa Creativa Mediarekin elkarlanean, AMFFk gazte sortzaileenganako apustua egingo du, aurten, bosgarrenez. 18 proiektu aukeratu dituzte Mallorca Talents Lab espazioan garatzeko, eta Miguel Machalski (Billy Elliott), Fernanda Rossi (The Secret of Doctor Grinberg) eta Cannes, Berlin, Rotterdam, Sevilla, Malaga, Abycine, Xixón eta D’A Film Fest jaialdietako programatzaileek eskutik jasotako tutoretza saioak izango dituzte,

Besteak beste, Ekain Albite zinemagileak euskaraz errodatutako Negu Hurbilak filma 10.000 euro irabazteko hautagai da, Work in Progress atalean.

Iheslari baten istorioa kontatzen duen film laburra da gazte zumaiarrarena, eta Jone Laspiur aktore donostiarra izango da pertsonaia nagusia. Horrela aurkeztu du Albitek proiektua: Gure gizarteak, gure herriak, Europa garaikideko gatazka lazgarrienetako bat bizi izan du 50 urtez baino gehiagoz. Asko izan dira bizipen horrek gure inguruan utzi dituen oinazeak. Negu Hurbilak-ek, zehazki, arrazoi politikoengatik eta errepresaliak izateko beldur direlako, beren lurraldetik ihes egin behar izan duten iheslarien esperientzia aztertzen du. Gutxitan hitz egin da gatazkaren alderdi horretaz, tabuak bezalaxe, gaiari heltzeko orduan, gehienetan estalita geratu den ikuspegia izan da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren Piztu META! mikromezenasgo programaren seigarren deialdian parte hartu du proiektuak.

Atlàntida Mallorca Film Fest zinema jaialdiari buruzko informazio osagarria, hemen.