Ibarreko taldearen sorkuntza goratu du epaimahaiak, eta egileek 1.200 euroko saria jaso dute. Ikus-entzuleen boto gehien Trikua Filmsek ekoiztutako Ezustean bideolanak izan ditu.

Gaztezulo bideo lehiaketa-irabazleak

20:00etan puntuan ekin diote bart Gaztezulo Bideo Lehiaketaren 13. edizioko sari-banaketa ekitaldiari. Bigarren urtez, Twitch kanalearen bidez egin dute, eta, sarean KafearenSemea ezizenez ezaguna den Jokin Pedreño irakasle eta euskal sortzaileak aurkeztu du.

Olaia Urtiaga kazetariak, Ibai Zabala ikus-entzunezko teknikariak eta Marga Berra grafistak osatu dute epaimahaia, eta kalitate teknikoa, originaltasuna eta sormena kontuan izanda bi sari eman dituzte. Ibarreko taldeak sortutako Ispiluaren aurrean bideolanak irabazi du lehenengo saria, eta egileek (Unax Alcubilla, Maider Pino, Nekane Garcia eta Gorka Ezkibela) 1.200 euro jaso dituzte. Bigarren saria Puntu-puntuan lanarentzat izan da, eta Uxue Poveda Corchero eta Oier Markotegi Zubillaga sortzaileei 300 euro eman dizkiote.

Ikus-entzuleen erabakia

Gaztezulo aldizkariak eta Azkue Fundazioak elkarlanean prestatzen duten ekimenera bidalitako bideoak ikusi eta bozka emateko epea zabalik egon da maiatzaren 27ra bitartean. Guztira, 19 izan dira 13. ediziora aurkeztutako lanak, eta webgunean ahalbidetutako formularioa betez izan dute herritarrek gogokoena laguntzeko aukera. Trikua Films taldeak sortutako Ezustean bideoak izan ditu boto gehien. Gaztezuloren produktu eta opari sorta jaso dute Iker Mateo Etxeberria, Nahia Arteaga Ormaetxea eta Gorka Granado Terrones egileek.

Ezagutu bideolan irabazleak hemen.