Bere karbono aztarnaren erdia baino gehiago konpentsatzeko konpromisoa hartu du zinema jaialdi donostiarrak. Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez egingo du, erreferentziazko ekitaldietan aitzindari bilakatuz.

Donostia zinemaldia jasangarritasuna-zinea

“Jasangarritasunaren defentsaren aldeko apustu sendoa eta irmoa” egin duela txalotuz, Donostia Zinemaldia bere karbono aztarna kalkulatzen, murrizten eta konpentsatzen lurraldeko lehen erakundea izango dela baieztatu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak abian jarritako funtsaren bitartez egingo du, “konpromiso klimatikoaren abangoardian” kokatuz. Gaur goizean egindako agerraldian, Asensiok Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreira eta Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos izan ditu aldamenean.

Donostia Zinemaldiak 2019ko edizioan (pandemia hasi aurretiko azkena) egindako karbono aztarnaren azterketaren arabera, 5395 t CO2 bal. izan ziren emisioak (aurretiko prestaketa prozesuan sortutako eta ekitaldiarenak berarenak kontuan izanda), garraioaren ondoriozkoen kopurua % 75 izanik.  Rebodinosek azaldu duenez, nazioarteko hegaldiak ia ezinbestekoak dira Zinemaldian, baina jaialdi jasangarriagoa izateko bidean, 2021ean hasitako trantsizioa areagotuko dute aurten, besteak beste, “hondakinen bilketa areagotzen, ledak erabiltzen eta kontratazio jasangarriagoak egiten”.

Hala, Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak sustatzen dituen konpentsazio-ekintzak gehituz, Zinemaldiak sortzen dituen isurien erdia baino gehiago konpentsatuko du, eta % 53ra iritsiko da. Konpentsazio hori, garraioak eragindako isuri guztien %70,21 izanik; dirutan, 25.000 euroko kostua izango du. Kopuru hori osorik emango dio zinema jaialdiak Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsari, tokiko azpiegitura berdeak hobetzeko proiektuak finantzatzeko.

Birziklatutako alfonbra gorria

Karbono aztarna konpentsatzeaz gain, Donostia Zinemaldiak eta Ingurumen Departamentuak adostu dute Kursaaleko eta Victoria Eugeniako alfonbra gorrietarako moketa birziklatu eta birziklagarria erabiltzea. Ekimen garrantzitsutzat du Asensio diputatuak apustua: “Zinemaldia identifikatzeko elementu gisa duen karga sinboliko garrantzitsu eta ezagunaz gain, Ekonomia Zirkularraren oinarrizko printzipioak aplikatzeko adibide argia da, lurraldean bertan mantentzen baitu balio kate osoa, fabrikaziotik hasi eta berreskuratze prozesua amaitu arte”.

Alfonbra gorria Emaus Fundación Social Taldeko Sin Desperdici enpresak birziklatuko du, eta Gipuzkoako Elikagai Bankuari emango dizkion poltsak sortuko ditu bertatik. Heldulekuak Spanset enpresak egingo ditu, kamioien amarratzeko zintak erabiliz.