Aki Kaurismaki-Kresala Zinekluba-zinea

2022ko urritik 2023ko martxora bitartean, zinemagile finlandiarraren zazpi film luze eta film labur bat eskainiko ditu Kresala Zineklubak. Atzera begirakoaren data zehatzak argitzeke dituzte orainik.

Agurtu du Donostiako Kresala Zineklubak 2021-2022 ikasturtea, baina dagoeneko asteartero Trueba aretora bertaratzen jarraitzeko pizgarria aurreratu dute. Robert Bresson zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoaren lekukoa Aki Kaurismäki finlandiarrak hartuko du urrian, eta m2023ko martxira bitartean, zinemagintza europar garaikidean egon litekeen unibertso partikularrenetakoa ezaguzteko aukera egongo da.

Gizartearekin konprometitutako filmak zuzendu izann ditu Kaurismäkik, herritar apal eta baztertuen bizitzetan begirada jarriz. Mundu triste eta bakartia da nagusi denetan, esperantzarako atea zabalik da baina, eta pertsonaiek zoriontasuna dute helburu.

Umore eta estilo berezia du zinemagileak, ezagutu beharrekoa. Eta asmo horrekin prestatu du Kresala Zineklubak ikasturte berrirako zikloa. Oraindik data zehatzak zehaztu ez badituzte ere, finlandiarraren zazpi film luze eta film labur batek osatuko dute egitaraua. Proletariotzaren trilogiak emango dio hasiera –Varjoja paratiisissa (1986), Ariel (1988) eta Tulitikkutehtaan tyttök (1990)-, eta Jean-Pierre Léaud aktore frantziarra protagonista duen I Hired a Contract Killer (1990) komedia beltza, Kauas pilvet karkaavat (1996) eta Oscar saria irabazteko hautagai izan zen Mies vailla menneisyyttä (2002) pantailaratuko dituzte gero.

Atzera begirakoari amaiera emateko, Cannesko Zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen Le Havre (2011) eta Centro Histórico (2012) film kolektiboaren baitan zuzendutako O Tasqueiro film laburra emango dituzte.

Zineklubeko kideek esan dutenez, hilabete bakoiztean zein lan izango den ikusgai sare sozialetan eta webgunean argituko dute.