2022ko abuztuaren 17tik 20ra bitartean ospatuko dute Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia. Hainbat ekoizpen euskal herritar erakutsiko dituzte, eta hain zuzen ere, sail ofizialean lehiatuko den Ainarak (Juan San Martin eta Ritxi Lizartza, 2021) dokumentalak eta Chicas prepago (Isa Sáez, 2022) film laburrak irekiko dute 2022ko edizioa.

NIFF4-zinea

1.400 minutu inguru, edota beste era batera esanda, 55 film. Horra hor NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiko hautaketa-batzordeak aurkeztu duen uzta. Lau egun iraungo ditu festibalak, eta hiru egoitza izango ditu: Iruñeko Katedrala, Kondestable jauregia eta Nafarroako Antzerki Eskola. Pandemiak ekarritako murrizketa eta zailtasunei aurrea hartuta, egonkortzen eta indartzen ari da urtez urte festibala, eta zinemagintza abiapuntu, hausnarketarako topagune izan nahi du laugarren edizioak.

Ikus-entzunezko emanaldiak, klase magistralak, tailerrak, liburuen aurkezpenak eta beste hainbat jarduera burutuko dituzte abuztuaren 17tik 20ra bitartean, betiere, gai sozialak eta egunerokoan puri-purian daudenak jorratuz. Hala nola, feminismoa, osasun mentala, LGTBI+ aldarrikapena, planeta, migrazioak, ezgaitasunak, arrazismoa… Horiek guztiak, bost sailetan bantu dituzte programatzaileek: film luzeen sail ofiziala (8 lan), film laburren sail ofiziala (20 lan), zinema eta klima aldaketa saila (5 lan), film labur espainiarren sail ofiziala (15 lan), eta ikasleek sortutako filmen saila (8 lan).

Hilaren 17an, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan ekingo diote sail ofizialeko lehiaketari, eta mundu mailako estreinaldia izango duen Ainarak dokumentala pantailaratuko dute. 1870 eta 1940 urteen artean Nafarroako eta Aragoiko neska gazteek, Ainara gisa ezagunak, Pirinioak zeharkatuta Maulera, espartinen industrian lan egiteko asmoz, burutzen zuten bidaia du hizpide San Martin eta Lizartzak zuzendutako lanak. Anne Etchegoyen kantariak egingo ditu gidari lanak. Saio berean, Sáezen sortutako Chicas prepago film laburra.

Eguraldia lagun izanez gero, irekiera ekitaldiaren ostean, gaueko saio berezi batez gozatzeko aukera egongo da Katedralaren kanpoaldean. Hala balitz, Reflejos (Lucía Silvestre eta Hugo López, 2021) eta Fantasia (Aitor Merino, 2021) proiektatuko lituzkete.

Melitón Sariak

Javier Tolentino buruz, epaimahaikide izango dira Carlo D’Ursi zinemagile eta ekoizlea, Miriam Gallego aktorea edota, Álvaro González zinemagile esperimentala, besteak beste. Bost sail lehiakorretako lan onenak erabakitzeaz arduratuko dira, eta film luze eta laburren sail ofizialei dagokienez, gainera, interpretazio onenak eta pelikula iberoamerikar onenak ere ebatziko dituzte.

Bestalde, Cayetana Guillén Cuervo aktore, kazetari, telebista aurkezle eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako presidenteak jasoko du Ohorezko Melitón saria, NIFF jaialdiko laugarren edizioan.  La Dame Blance (Yaite Ramos) artista kubatarrari, aldiz, emango diote Balore Sozialen Melitón saria.

Jaialdiari buruzko informazio gehiago, hemen.