Zortzi urteko jardun nekaezinaren ondoren, itxi egingo dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea. Gaurtik hasita eta ostegunera bitartean, Kortxeak & Krispetak jaialdiaren edizio berri bat hartuko du, azkenekoz.

2014an ireki zituen ateak Oihaneder proiektuak, Montehermoso Jauregiaren aterkipean. Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoari, euskarazko aisialdia eta kulturgintzari estu lotutako proiektua, euskaltzaleen eta kulturzaleen gune, arnasgune, izateko helburuz sortu zuten, eta honakoak izan dira bere jardunaren ezaugarri nagusiak: parte-hartzailea, eragile desberdinen parte-hartzetik sustatutakoa; irekia, euskaldun guztiei eskainitakoa; erreferentea, Gasteizko hirian euskararen alde lanean ari direnen etxe izango dena; eta osagarria, inor ordezkatu gabe, eragile desberdinen artean sinergiak sortuko dituena. Esan eta egin, 66.500 erabiltzailetik gora bildu baitira urteotan antolatu diren 900 inguru jardueratan.

Bada, musika eta ikus-entzunezkoak nahasten dituen Kortxeak & Krispetak jaialdiarekin itxiko du Oihaneder Euskararen Etxeak zortzi urteko ibilbidea. Gaur bertan, ekainaren 28an, emango diote hasiera zikloari, Danny Garciaren Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC (2022) filmaren emanaldiarekin. New Yorkeko Max’s Kansas City klub entzutetsuaren eta Punk Rockari hasiera eman zion hiriko 70eko hamarraldiko rockaren historia jasotzen du lanak.

 

Hurrengo egunean, ekainaren 29an, Marokoko gazte rapzaleak izango dira protagonista Casablanca Beats (2021) dokumentalari esker. Bi piezak jatorrizko bertsioan emango dira, eta euskarazko azpitituluak izango dituzte, Filmazpit programarekin egindako elkarlanari esker.

 

Amaitzeko, Kortxeak & Krispetak zikloaren hirugarren egunean, ekainaren 30ean, musika izango da programazioaren ardatza: Lukiek eta Liher talde ezagunek rock doinuak zabalduko dituzte Falerina lorategian, 19:00etatik aurrera.