Uztailaren 7tik 9ra bitartean ospatuko dute festibalaren hamahirugarren edizioa, eta 42 film laburrek eta 6 kontzertuk osatuko dute egitaraua. Horrez gain, iraila bitartean, lurraldeko 38 herri bisitatuko ditu Korterraza Araba ziklo ibiltariak.

Korterraza film laburrak-zinea

Film laburrak eta zuzeneko musika uztartuko ditu, aurten, hamahirugarrenez, Korterraza jaialdiak. Gasteizko gune ezberdinetan egin izan da, eta Iparraldeko parkeko frontoian ospatu dituzte azken edizioak, espazioak osasun neurriak zorrotz errespetatzeko aukera eskaintzen zuelako. Bada, 2022ko edizioa aurkeztu berri du Kultura Kalean! elkarteak, eta Artium Museoa bilakatuko da egoitza. “Oso pozik gaude Artium Museora itzuli eta jaialdia beti izan dena izan delako: jarduera herrikoia eta mundu guztiari irekia, eta gure hiriko kaleetan kulturaz eta udaz gozatzeko modu bat”, adierazi du Xabi Vitoria ekimeneko zuzendariak.

Guztira, deialdira 987 ekoizpen aurkeztu direla nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, baina 42 film laburrek osatuko dute 2022ko egitaraua. Hainbat ataletan banatuta daude: 12 lan egongo dira ikusgai sail ofizialean; 8 lan, super selekzioa atalean; 7 lan, erakusketa sailean; eta lan komedia sailean. Emanaldiak uztailaren 7an, 8an eta 9an egingo dituzte, museoaren kanpoaldean, 22:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da.

Filmak ikustearekin batera, musika ikuskizunak ere izango dira. Gaur gaurkoz, 6 kontzertu baieztatu dituzte. Hilaren 7an, Arenna eta Rambalaya  taldeak gerturatuko dira hirira; hilaren 8an, Mice eta Niña Coyote y Chico Tornado; eta hilaren 8an, German Salto eta Harlem Gospel Travellers.

Gizarte gaiei eskainitako Korterraza Sentsibiliza ataleko 9 lanak, bestalde, abuztuaren 25ean erakutsiko dituzte, eta haurrentzako proposamenak jasotzen dituen Korterraza Txiki ataleko 8 lanak, irailaren 1ean. Bi saio horietarako sarrera ere doakoa izango da.

Herri herri, lurraldean

Korterraza Gasteiz izena mantenduko du aurten ere ekimenak, Arabako 38 herri bisitatuko dituen Korterraza Araba ziklo ibiltariaren jardunetik bereizteko. Bigarren honetako filmak jaialdi nagusian lehiatuko diren filmen lagina izango dira, eta uztailetik irailera bitartean erakutsiko dituzte herriz herri. Datak kontsultagai jarri dituzte webgunean bertan.