Lekeitioko Udalak, Loraldia festibalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, 6 eguneko bi egonaldi egingo dituzte gazte euskaldunek, Lekeition. Euskal kulturako sortzaile erreferenteek gidatutako tailerrek eta zuzeneko emanaldiek osatuko dute egitaraua. Zinema arloari dagokionez, Iratxe Fresnedak Irrintziaren Oihartzunak (2016) filma aurkeztuko du.

Irrintziaren Oihartzunak-Udako Loraldia-zinea

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, eta Bilboko Udalak elkarlanean antolatu ohi dute Loraldia Festibala, martxo inguruan, hirian. Aurten, baina, egitarau berezia atondu dute uda sasoirako ere, Lekeitioko Udalaren babespean. Gazte-sormen egonaldien baitan, 6 eguneko bi txanda atondu dituzte 18 eta 25 urte bitarteko gazteentzat, eta Lekeitio, euskal kultura garaikidearen habi bilakatuko da: lehenengo, ekainaren 27tik uztailaren 2ra bitartean; gero, uztailaren 4tik 10era arte.

Kultur sormena piztea, euskaraz egiten den kultura garaikidea ezagutzea, sortzaile profesionalekin harremanetan jartzea, gazte giroan disfrutatzea, kostaldeko herriko udako giroaz gozatzea, euskaraz mintzatzea eta hunkitzea. Horiexek egonaldian dituen helburu nagusiak, eta horretarako, egun bakoitzerako tailer teoriko-praktiko bana prestatu dute, hitza, soinua, irudia eta gorputz arloak lantzeko asmoz.

Natalia Mongeren dantzaldiak emango dio hasiera, gaur, Udako Loraldiari, eta datozen egunetan, Mikel Martinez antzezlea, Eñaut Elorrieta musikaria, Miren Agur Meabe idazlea, Iratxe Fresneda zinemagilea eta Ander Lipus aktorea izango dituzte herritarrek aurrez aurre. Hain zuzen ere, zinema zuzendari bizkaitarraren Irrintziaren Oihartzunak pantailaratuko dute, uztailaren 1ean, herriko Ikusgarri zineman. Saioa 20:00etan hasiko da, eta bertaratu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte.

Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatuko du Irrintziaren Oihartzunak filmak. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere.  Irrintzi (1988) eta Euskal emakumeak (1981) film laburren sortzaile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat priopsoatuko du Fresnedak zuzendutako dokumentalak; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezkoen Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea eta kazetaria da Fresneda, besteak beste. 64. Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehendabiziko film luzea, “jolas moduan” planteatutakoa, “soinu eta irudiaren arteko elkarrizketa” garatu duena: “Ez da biopic bat, ezta kazetaritza erreportaje bat ere… Elkarrizketa eta elkarrekintza egiten dituen ikus-entzunezko artefaktu bat baizik”. Pimpinela Produkzioak taldeak ekoiztutako proiektua da, euskaraz errodatutakoa. Ikusi lanaren aurkezpenaren harira ZINEAn egin genion elkarrizketa, hemen.