Euskadiko Filmategiak A quien cierra los ojos, Ana Díez (Tutera, 1957) zuzendariaren azken lana, proiektatuko du uztailaren 9an. Zuzendariak berak aurkeztuko du pelikula, Patricia Reyes Spíndola aktore mexikarrarekin batera, Tabakaleran.

Ana Díez Díaz zinema zuzendari, gidoigile eta dokumentalgile nafarra da. Euskal zinemagintzaren profesional aitzindaria,filmak ez ezik, eskolak ere zuzentzen ditu: zuzendaritza irakasten du ECAM Madrilgo zinema eta ikus-entzunezko eskolan, eta errealizazioa Karlos III.a Unibertsitatean. 2008an estreinatu zuen Paisito bere aurreko film luzea, eta hamabi urteren bueltan jarri da berriro ere kamera atzean.

A quien cierra los ojos lanak jasotzen duen istorioa Mexiko Hiriko Villaseñor ikastetxe pribatuan girotuta dago, bertan bizi diren helduek eta nerabeek noiz amaituko den ez dakiten bidaia bat bidaia bati ekingo diotenean. Ikastetxeko zuzendariak (Reyes Spindolak aktoreak hezurmamitua, inolako bokaziorik gabe, oinordetza baten eraginez, jaso zuen karguaren ardura, eta zentroari bizitza berri bat eman eta biziberritzea izango da bere lehen lana. Gertakari bortitz batek erakutsiko du, ordea, norberaren izaera.

Filmategiak zabaldutako oharrean jasotakoaren arabera, egilearentzat lan hau “gozamena” izan da, baina baita “erronka” ere: “Pelikula korala delako, gurutzatutako bizitzak daude eta pertsonaia asko. Istorioa eraikitzeko garaian protagonisten sentimendu sakonenak eta intimitatea erakustea oso konplexua suertatu zait”, azaldu du Diezek. Baina ez ditu bakarrik Mexikoko eskola pribatu honetan bizi diren pertsonaiak deskribatu, krisian dagoen hezkuntza eta gizarte sistema bati buruz ere hitz egin nahi izan du: “Film honek amaiera emango dio nire ibilbideari. Mexikon hasi nintzen Elvira Luz Cruzekin (1985) eta, oraingoz, Mexikon, A quien cierra los ojos filmarekin itxiko dut; niri betidanik interesatu zaidan gai batekin: hezkuntza-sistema eta nola prestatzen diren belaunaldi berriak etorkizunerako. Uste dut galderak egin ditudala; hori da niri gustatzen zaidan zinema”, gehitu du zinemagile nafarrak.

A quien cierra los ojos Educadoresek, Reflektok, Antitesisek eta Indie Zinema Ikasketen Zentroak ekoitzi dute. Datorren uztailaren 9an aurkeztuko diote publikoari, Euskadiko Filmategiaren ekimenez, 19:00etatik aurrera Donostiako Tabakaleran egingo duten saioan. Ana Díez zuzendariak berak aurkeztuko du filma, eta Patricia Reyes Spíndola bertaratuko da ere.

Emanaldirako sarrera eskuragarri, hemen.