David Cronenberg (Toronto, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarrak jasoko du 70. Donostia Zinemaldiaren bigarren Donostia Saria. Irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo da saria emateko ekitaldia, eta, ondoren, Crimes of the Future (2022) bere azken lana aurkeztuko du.

“Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisu”, hogeitik gora film luze bildu dituen bere ibilbidean hainbat generotako klasikoak sortu izana nabarmendu du Donostia Zinemaldiak izendapena iragartzeko zabaldutako oharrean.

Izan ere, aski ezaguna da donostian bildutako publiko orotarikoarentzat Cronenbergen lana. 2004an, Donostia Zinemaldiak Crash (1996) filma proiektatu zuen Incorrect@s atzerabegirakoaren esparruan; eta, hiru urte beranduago, Cronenbergek Donostiako hiria bisitatu zuen lehenengoz, Eastern Promises (2007) filmarekin Sail Ofiziala inauguratu eta bertan lehiatzera etorri zenean

Piano-jotzaile baten eta idazle baten semea, David Cronenberg liburu eta komikiz inguratuta hazi zen eta, hain zuzen, liburuengatik jasotako ezagutza horrek oinarritu du urteetan garatu eta elikatu duen kultura eta zinemagatiko pasioa. Autodidakta, bere lehen lanak film laburrak –esaterako, Transfer (1966) eta From the Drain (1967)– izan ziren.

Genero esperimentalekoak izan ziren zuzendu zituen lehen lan luzeak, hala nola, Stereo (1969) eta Crimes of the Future (1970). Gerora egilearen lana ezaugarrituko zuten gai eta nolakotasunen lehen zantzuak ageri dira hastapenetan: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa, etab.

Hain zuzen ere, esperimentazio zientifikoaren gaiak presentzia nabarmena izan zuen Cronenbergen obren lehen etapan; horren adibide dira Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmak: parasito hiltzaileak, izurrite bortitzak, psikopatak tratatzeko huts egindako terapiak, etab.

Halaber, enkargupeko lanak –Fast Company (1979)- edota zenbait idazleren eleberrien zinema-moldaketak ere egin izan ditu: Stephen King –The Dead Zone (1983)–; William Burroughs –The Naked Lunch (1991), agian bere kultuzko lanik handiena–; eta J. G. Ballard; izan ere, Crash (1996) pelikulan –Ballarden izen bereko eleberriaren moldaketan–, hainbat pertsonaiak auto-istripuak izatean sentitzen duten sexu-kitzikapena aztertzen zuen egileak, eta Cannesko zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.

eXistenZ (1999) filmarekin errealitate birtualean murgildu eta Spider (2002) lanean gaixotasun mentalaren infernuari begiratu ondoren, etapa berri bat inauguratu zuen zinemagile kanadarrak bere filmografian, non genero fantastikoak bere zinemaren osagai nagusi izateari utzi dion. Orain, 20 urte geroago, Crimes of the Future (2022) estreinatu berri du; egilearen aspaldiko obsesioen berrikuspen edo laburpena. Bada, Donostia Sariaren banaketari lotutako emanaldietako bat izango da lan hori Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan.

Irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta, ondoren aurkeztuko du bere azken lana zuzendariak,  Viggo Mortensen, Léa Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituen obra.