Bilboko Golem Alhondiga zinema aretoan egongo da ikusgai Marga Gutierrez Diazek zuzendutako proiektua, Iruñean aurrestreinaldia egin, eta Madrilen pantailaratu ostean. Zinemagile iruindarraren dokumentalak indarkeriaren biktima izan diren emakumeak ditu protagonista.

AMA-DAS_Marga--zineajpg

Ezgaitasuna duten emakume nafarren (Idoia, Pili, Rosa eta Emma) beldur eta ilusioak izango ditu ardatz Cocemfe Nafarrak sustatutako eta En Buen Sitiok ekoiztutako lanak. Lucia Benito izan da proiektuaren ekoizle eragilea, Jokin Pascual argazki-zuzendaria, Paula Olazek sortu du musika eta Andres Salaberrik egin du muntaketa.

Beraien autoestimua lantzeko tailerretan ari dira parte hartzen, izan ere, genero indarkeriaren biktima izan dira, horrek lotzen ditu, eta badute elkarri egingo dioten galdera bat ere: sentituko al dira noizbait maitatuak?

Mundu arabiarreko zinema jaialdi zaharrenetarikoa den Ismailia festibaleko 23. edizioan lehiatu ostean, gaur bertan estreinatuko dute Gutierrez Diazek zuzendutako AMA-DAS dokumentala, Espainiako estatuko zinema aretoetan. Arduradunek, zehaztu dutenez, aldiz, Hego Euskal Herrian uztailaren 1ean egongo da ikusgai, Bilboko Golem Alhondigan.

Indarkeria Istorioak

Cocemfe Nafarra ezgaitasuna duten pertsonen elkarteen federazioa da, eta berriki egindako ikerketa baten ondorio da AMA-DAS filma. Argitaratutako txostenean ebatzi dute lana bilatzeko tailerretan parte hartutako emakumeen %50 genero indarkeria jasan edo jasaten ari direla.

Zinemagileak aitortu duenez, “errespetutik eta lasaitasunetik egin nahi izan dugu protagonistenganako hurbilketa”. Esateko dutena entzun, eta beren esperientziak ikustaraztea izan du helburu, horregatik, kamera “ikusten ez den toki horretan” jarri nahi izan du, “filtrorik gabe, indarkeriaren istorioek ezkutatzen dituzten detaileak uler ditzagun, oharkabean igaro ez daitezen”.