Zinema aretoen kateak urteroko hitzordua berreskuratuko du herritarrei eskaintza berezia proposatuz. Uztailaren 15etik irailaren 1era bitartean, Iruñeko Golem Yamaguchin, eta uztailaren 8tik abuztuaren 18a artean, Bilboko Golem Alhondigan, azken hilabeteotako film honenak berrikusteko aukera egongo da.
Aniztasun zinematografikoa areagotzeko asmoz, eta uda sasoiko estreinaldi eskasiari aurre eginez, “autore-zinemak denboraldian eman dizkigun pelikularik interesgarrienak” pantailaratuko ditu Golem zinema aretoen kateak. Guztira 22 film proposatuko dituzte, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin. Urtean zehar egitarauan sartu ez diren filmekin batera, “gure ustez zinema-pantaila batean berriro ikustea merezi duten lanek” osatuko dute zikloa. Film bakoitza hainbat ordutegitan eskainiko dute, egunaren arabera, zinemazaleek “aukeratzeko erosotasun handiagoa” izan dezaten.
Besteak beste, Japonia, Kolonbia, Iran, AEB, Alemania, Mexiko, Turkia, Espainia, Kosovo eta Suitzako ekoizpenak proiektatuko dituzte Iruñeko Golem Yamaguchi (uztailaren 15etik irailaren 1era) eta Bilboko Azkuna Zentroan kokatuta dagoen Golem Alhondiga (uztailarem 8tik abuztuaren 18ra) aretoetan: Hytti nro 6 (Juho Kuosmanen), Espíritu sagrado (Chema García Ibarra), A Hero (Asghar Fahardi), Mass (Fran Kranz), A Chiara (Jonas Carpignano), Petite maman (Céline Sciamma), eta beste hainbetse.
Gainera, udako zinema zikloko antolatzaileek aurreratu dute aurtengo edizioak protagonista garbi bat izango duela: Lars Von Trier. Zinemagile daniarrak hartuko du egitarauaren zatirik handiena, bere zortzi lan ospetsuenekin osatutako atzera begirakoarekin.
Ezagutu Iruñeko eta Bilboko egitarauak, esteketan klikatuz.