Madrilgo auzo herrikoian erakutsiko dituzte Tipularen sehaska kanta (2021), Non dago Mikel (2020), Hijos de Dios (2020) eta No somos nada (2021) dokumentalak. Ekimenaren 19. edizioa ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean ospatuko dute.

Lavapies-zinema erakustaldia-zinea

Erregulazio eske dator aurten ere. Zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitza sozialetan eta beste hainbat arlotan jasan ditugun murrizketak salatu eta gizabanako ororen eskubideak berma daitezen eskatuz, Madrilgo Lavapies auzoan zinema eskaintza berezia proposatuko dute, ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean. Plazaratu dituzten aldarrikapenekin bat datozen film luze eta laburrak izango dira ikusgai auzo herrikoia girotzen duten hainbat txokotan. Besteak beste, euskal ekoizpena duten lan ugari erakutsiko dituzte hemeretzigarrene dizioan, bakoitza toki eta ordu jakin batean.

Hilaren 29an, Lander Garrok zuzendu eta espetxean gaixotasunak suposatzen duen samina azalera ekarri nahi duen Tipularen sehaska kanta dokumentala emango dute, 19:00etan, Traficantes de Sueños liburutegi asoziatiboan. Aurretik, Paisaje y paisanaje (Javier Álvares, 2020) film laburra jarriko dute.

Garrok zuzendutako dokumentalaren izenburua Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik dator, eta analogia historikoa eginez, osasun eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratzeko asmoa du sortzaileak. Horretarako, kartzelan gaixo egondakoen esperientzia jaso du, baita haien senideek bizitakoa ere. Durangoko Azokako Irudienea gunean aurkeztu zuten 2021ean Tipularen sehaska kanta dokumentala, ordutik Euskal Herri oso areto eta zineklubetan egon da ikusgai.

Hurrengo egunean, ekainak 30, Mikel Zabalza autobus gidariaren desagerpena eta heriotzaren inguruko Non dago Mikel? lana egongo da ikusgai, Mirador aretoan. Saioa 20:00etan hasiko dute, eta Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’–k zuzendutako ekoizpenarekin batera,  bi film laburren paseak –39º a la sombraEn la calle– osatuko du hitzordua.

Uztailaren 2an, Fluzo-Antenas (Javier Álvarez, 2021) laburra ikusi ostean, Ekain Irigoienen Hijos de Dios (2020) lan gordina proposatuko dute. 68. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zuen zinemagile donostiarrak bere sorkuntza, eta iragan abenduan Argentinan ospatu zuten FISDN – Signes de Nuit Nazioarteko Zinema Jaialdian dokumental onenaren saria eskuratu zuen.

Saioa 22:00etan hasiko da, auzoko Esto es una plaza izeneko lorategi partekatuan, eta ikusleak Madrilgo kaleetan bizi diren etxegabeen errealitatera hurbiltzeko parada izango du: Javier eta Romerales beteranoak Madrilgo Operaren Plaza turistikoa inguratzen duten erlaitzetako baten azpian egiten dute lo. Bi horiekin batera, bidaia luze bati hasiera ematen dio kontakizunak hiriburuko kale jendetsuetan zehar, non erotu gabe bizirik irauteko gaitasun handiak behar diren. Bi pertsonaia horien adiskidetasunari helduta, bizitzari, heriotzari eta duintasunari eskainitako kantu bat da, finean.

Lavapieseko Zinema Erakustaldiaren 19. edizioa agurtuko duen saioa martxosoa izango da oso. 20:00etan, The Rastaphonics taldeak reggae estiloko kanten bertsioak interpretatuko ditu, Embajadores aretoan, eta ostean, 22:00etan, Nuestros hijos (Cecilia Gessa, 2021) film laburra zein No somos nada (2021) dokumentala pantailaratuko dituzte. Javier Corcuera zinemagile perutarrak La Polla Records talde mitikoaren azken bira filmatu zuen, hartutako irudi eta testigantzak bilduz. 69. Donostia Zinemaldiko Zinemira saila ireki zuen filmak, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuz. Sortzailea bertan izango da bere lana aurkezten.

Ezagutu egitaraua, .