Kepa Junkera aitzindariaren gainditze istorioa jasoko du Fermin Aiok ondutako Berpiztu film dokumentalak, utzitako obra eta sortzeko grina, bere ondarearen berrikuspena eginaz. Udazkenean estreinatuko dute, musikariak idatzitako liburu baten osagarri.

2020.urtearen amaieran Fermin Aio egilea Oliene baserrira joan zen musikaria bisitatzera. Busturialdeko etxea izan du musikariak gotorleku 2018. urtean iktusak jota erretiroa hartu behar izan zuenetik. Zinemagilearen arabera, beti ezaugarri izan duen erupzioan sartzear dagoen sumendi-indar horri eusten dio oraindik musikariak; birgaitze prozesu luze baten ondoren, proiektu berriak sortzen hasi da bilbotarra.

Arian-arian, bere ibilbide osoa ilustratuko duen liburu baten sortze lanetan dihardu uneotan. Sorkuntza ariketa kolektibo gisa ulertzen duen lez, liburu honen osaketan ere bat egitera gonbidatu ditu bere ibilbidean zehar berarekin kolaboratu duten artista guztiak: poetak, idazleak, argazkilariak, margolariak, ilustratzaileak eta abar.

Aldi berean, eta musikariaren senideek bere ibilbidea pelikula batean isla nahi izatearen gogoak hauspotuta, sortze prozesu guzti hori jasoko zuen ikus-entzunezko pieza bat filmatzeari ekin zioten Fermin Aio eta Joserra Plaza zinemagileek. Horretarako ere, baserriko armairuetako batean aurkitutako dokumentu-artxiboa eta argitaratu gabeko material ugari izan dute eskura.

Bada, katebegi ugari dituen lankidetza baten emaitza izango da Berpiztu, Barton Films-ek datorren udazkenean zinema aretoetan estreinatuko duen film luze dokumentala. Oraindik muntaketa fasean, Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Madrilen eta Portugalen errodatu dute.

Berpiztu

Kepa Junkera agertokitik atera zen Ganten, Belgikan, 2018ko abenduaren 5ean. Desagertu egin zen, bere akordeoia jotzeari utzi zion. Albisteek iktus bati buruz hitz egiten zuten, larrialdietako ospitaleratze bati buruz, sendatze-prozesuari buruz eta, ondoren, ezer ez. Euskal artistak euskal trikitia eta herri musika maila gorenera igo zituen, 30 disko baino gehiago argitaratuz eta 100 kolaborazio baino gehiago eginez, 40 urteko ibilbidean zehar. Autore autodidakta, euskal musikaririk nazioartekoena bihurtu zena eta mundu osoko artistak euskaraz abestera gonbidatu zituena, arrastorik utzi gabe desagertu zen.

Ondoren, bi urteko errehabilitazio-saioak iritsi ziren, gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Kepak bizitzen jarraitzen duelako, sortzen jarraitzen duelako, artearekin hunkitzen, musikarekin, poesiarekin, pinturarekin, argazkigintzarekin.

Dokumental honek zizarra horren kontakizuna jasotzen du. Ibilbide luze, landu eta arrakastatsua izan duen musikariaren obra; osasun arazoen ondorioz, egun batetik bestera jarduna eten eta bi urteko errehabilitazio saioak gainditu behar izan dituen musikariaren historia.