Rosa (Peter Greenway, 1992) film laburra eta L’Année dernièr à Marienbad (Alain Resnais, 1961) luzea pantailaratuko dituzte gaur Hiri Paisaien Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XVIII. edizioaren baitan. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan egingo dute saioa, 19:00etan hasita.

Zinema, dantza, arkitektura-zinea

Sormen garaikidea oro har erakusteko gune bat da La FuNdicIOn Bilbao Aretoa, bai eta ikertzeko, sortzeko, sentsibilizatzeko eta etengabeko prestakuntza jasotzeko baliabide-zentroa ere. 34 urtetan zehar, komunitatea, eduki artistikoak, partaidetza-ereduak eta sortzeko modu berriak sortu ditu, eta artisten eta ikusleen arteko espazio partekatua eta harremanetarako espazioa eskaini. Bada, aretoak hiriaren eta dantzaren arteko topagune izan nahi duen Lekuz Leku jaialdia antolatu ohi du urtero; aurtengoa, hamazortzigarrena izango da.

Ondare artistikoaren balioa berrestea helburu, sormena, hurbiltasuna, eta dantzaren gozamena indartuko dituzte, Bilbon. Modu irekian dantza garaikidearen lengoaia anitzak ikusle guztiengana hurbilduko dituzte gaur hasi eta hilaren 25era bitartean, eta horretarako, era askotako jarduerak atondu dituzte. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzan, esaterako, Zinema eta Hiria zikloa bukatu berritan, zinema, dantza eta arkitektura harremanetan jarriko dituen saioak emango dio hasiera egitarauari.

Peter Greenawayk 1992an zuzendutako Rosa film laburra izango da pantailaratuko duten lehen obra, Anne Teresa de Keersmaekerren koreografia batean eta Bela Bartók konpositorearen musikan oinarritua dago, eta zinemaren, arkitekturaren, musikaren eta dantzaren arteko espazio jarraitu bat sortuz sortu zuen. Ostean, zinema modernoaren eta frantziar zinematografiako lan esanguratsu eta ikusten zailenetakoa den L’Année dernièr à Marienbad proiektatuko dute.

Alain Robbe-Grilletek Adolfo Bioy Casaresen izen bereko eleberriaren egokitzapena da Alain Resnaisek egindakoa. Filmean labirinto moduko espazio bat hedatzen da. Bertan fikzioak eta errealitateak, onirikoak, desirak eta errealak elkar hartzen dute, eta haren eragina beste horizonte, begirada eta ikus-entzule batzuengana barreiatzen da, bertako pertsonaiaren eta kontakizuna bera bezala.

Saioa 19:00etan hasiko da; sarrera doan da.