Euskal parte hartzea duten Unicorn Wars eta Loop animaziozko proiektuak ibilbide oparoa izaten ari dira nazioarteko zinema jaialdi eta merkatuetan. Egindako bidea borobiltzeko, Sitgesen lehiatuko da Alberto Vázquezen film luzea urrian, eta jarraian zinema aretoetan estreinatuko dute. Pablo Polledrik zuzendutako film laburra, aldiz, Hollywoodeko Akademiaren sarietarako Short List-ean sartuko dela aurreratu du Zineuskadi elkarteak.

Uniko ekoiztetxea-zinea

Annecy hiriko animazio jaialdi entzutetsuenean lehiatzetik dator Unicorn Wars, eta urriaren 6tik 16ra bitartean Sitges hirian ospatuko duten Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Zinema Jaialdian erakutsiko dute. Sail ofizialean parte hartuko du Alberto Vázquez animaziogile laudatuaren proposamen berrienak, eta ostean, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko dutela iragarri dute, urriaren 21ean, hain zuzen ere. Animaziozko film luzeen nazioarteko koprodukzioak sustatzeko Cartoon Movie foroan parte hartu zuten Unicorn Wars laneko ekoizleek, iragan abenduan, eta hilabete batzuk geroago, Malagako Zinema Jaialdian erakutsi zuten.

Gaur egungo aktualitateari buruzko hausnarketa antibelizista proposatzen du Unicorn Wars animaziozko film luzeak, ipuin fantastiko baten itxura hartuz, gerra guztien oinarrietara joz. Zinemagilearen hitzetan, filma sortzen hasi zirenean “Europan gerra piztu zitekeela pentsaezina zen”, eta gizakiok “akats berberak behin eta berriz errepikatzea berezkoa dugula” azaldu du. 2D eta 3D teknologiak uztartzen dituen helduei zuzendutako animaziozko lana indarkeriaz betetako film iluna da, peluxezko hartzen eta adarbakarren azken gerlaren inguruko kontaketa.

Bestalde, nazioarteko merkatu eta jaialdietan aintzatespen ugari lortu ditu Pablo Polledrik zuzendu duen Loop film laburrak ere. Film onenaren Zilarrezko Bizanaga eta publikoaren saria irabazi zuen iragan martxoan Malagan; Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdian ere animaziozko obra onena aukeratu dute, film laburren atalean. Berriki, Bulgariako In The Palace ISFFn garaile izan ostean, Hollywoodeko Akademiaren sarietarako Short List-ean sartuko dela aurreratu du Zineuskadik. Gaur jakinarazi dute, gainera, Premios Fugaz Cortoespaña jaialdian ere nagusitu dela, soinu banda onenaren saria ere eskuratuz. Bertan, Ramon Bareari gizonezko interpretazio onenaren saria eman diote, La entrega (Pedro Diaz) filmean egindako lanagatik.