Zuzendaria: Jeremiah Zagar
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB

-Sandler, erredentzio bila-

Beharbada munduari aktore ona ere izan daitekeela erakusteko, ospea eta aberastasuna eman dion erregistro komikotik urruntzen ari da Adam Sandler. Egia da oraindik Hubbie Halloween edo Murder Mystery bezalako perlak eskaintzen jarraitzen duela —uler dadila ironia—, baina paper serioagoetan ere ikusi dugu azken urte hauetan. Netflixek ekoitzi dituen Noah Baumbachen The Meyerowitz Storiesek edota Safdie anaien Uncut Gemsek, esaterako, amerikar autore-zinematzat jo ditzakegun bi film horiek, kritikaren oniritzia jaso dute. Bide berean jarraitu nahiez seguraski, Neflixen eskutik rol heroiko bat lortu du Sandlerrek aurten. Hustlen, kirol begirale bat gorpuztuko du aktoreak; erredentzio bila, saskibaloi munduaren eta bere familiaren onarpena errekuperatu nahian, Madrilgo jokalari gazte bat (Juancho Hernangomezek antzeztua) NBAra eramaten saiatuko da.

Tamalez, Sandler ez da Baumbachen zein Safdie anaien filmetan bere antzezlanak zergatik funtzionatu duen ulertzeko gai: funtsean, aktorearen adierazpen-gabezia guztiz dator bat pertsonaien xelebrekeriarekin (horrelaxe ustiatu zuen Paul Thomas Andersonek Punch Drunk Loven). Izan ere, honela dio nahiko zabalduta dagoen aurreiritziak: “komedia-aktore batek rol dramatiko bat eginez gero, ezinbestean, antzezpenak ona izan beharko du”. Seguraski beste aurreiritzi handiago batekin dago lotuta, hots, komedia genero txikitzat duen aurreiritzi horrekin. Zoritxarrez, aktore batzuk ez dira onak ez komediarako ez dramarako. Sandlerren filmek leihatilan horrenbeste urtetan ondo funtzionatu badute, ordea, ez al du zerbait ondo egingo? Horra hor hirugarren aurreiritzia. Gidoi mailan, behintzat, Grown Ups edota Jack and Jill bezalako filmak ikustean, gauzak okerrera doaz…

“Gutxienez, Hustle ez du berak idatzi”, pentsa lezake ikusleak. Sandlerren ergelkeriez libratu gara, bai; hala ere, klitxez jositako Hollywoodeko beste istorio bat dugu aurrean, are jasangaitzagoa beharbada —auzo-lotsaz disfrutatzen dugunontzat, izan ere, Sandlerren ergelkeriek badute bere xarma—.  Klitxea ez da soilik maila formalean ematen, bere ideologia ere berdintsu erreproduzitzen du Hollywooden makinariak. Baliteke kirol-izpiritua, lehiakortasun grina, mundu osoan zabalduta dagoen zerbait izatea, hala ere, ukaezina da amerikar zinemak “autosuperazio” pertsonalen istorioekin duen obsesioa. Mito indibidualista horri, gainera, Hustlen esplotazioaren eredu inperialista gehitzen zaio; esajerazioa badirudi ere, filmeko protagonistaren “heroitasunak” herrialde xumeagoetatik etorkizun oparoa izan lezaketen gazteak fitxatzean datza.

Eskerrak amerikarren nagusikeria inozoak beti izango dituen bere komedia dirdirak: Madrilgo saski baloi jokalari gazteak ‘Bo’ du izena eta, hegazkinean aurrenekoz igotzean, flipatu egingo du, doanik eskainiko dioten ahalik eta janari gehien poltsikoetan sartuz. Beno, baliteke azken horretan filma egiatik hain urrun ez aurkitzea.