Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren harira, Aitortza. Erreparazioa. Ez errepikatzeko bermea. lemapean programatuko dute ama-alaba batengan torturak izan duen eragina aztergai duen dokumentala. Gaur bertan, 19:00etan, Antsoaingo Txoko Gorri elkarkidetzarako toki autogestionatuan egongo da ikusgai.
Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du Bi arnas dokumentalak, eta Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatuta, auzolanaren eta elkartasunaren bidez eraiki dute. Egitasmoa martxan jarri zutenean, 15.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten, ekoizle handien eta diru-laguntza publikoen babesik gabe, eta itsulapikoa.eus ataria erabiliz, 12.525 euro lortu zituzten, ezarritako kopuru optimoa gaindituz.
Maiatzaren 22an ikusi zuen Bi arnas dokumentalak argia, Irungo Amaia aretoan (estreinaldiaren kronika irakurgai, hemen), eta ordutik, Ordizian, Iruñean, Gasteizen, Oiartzunen eta Bilbon egon da ikusgai. Bada, ekainaren 26an ospatu ohi den Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Eguna aprobetxatuz, Nafarroako Torturaren Sareak Aitortza. Erreparazioa. Ez errepikatzeko bermea. lemapean pantailaratuko du gaur bertan, Antsoaingo Txoko Gorri elkarkidetzarako toki autogestionatuan. Saioa 19:00etan hasiko dute.
Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikustaraztea du helburu filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek irabazi asmorik gabeko proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.