EiTBk, IBAIAk, EPE-APVk eta APIKAk sinatu berri duten akordioaren balorazioa egin du zinemetan euskararen presentzia legez bermatuko duen Zinemaren Lege Propioaren aldeko ekimenak. “Euskararentzat eta euskarazko ikus-entzunezkoentzat aurrerapausorik ikusten” ez duela salatu du.

ZinemakEuskaraz-zinea

Erronka sozial eta teknologikoei aurre egiteko eta ikus-entzunezko euskal ekoizpen independentea sendotzeko hitzarmena adostu zuten komunikazio-taldeak eta ekoizle-elkarteek ekainaren 15ean, Donostiako Tabakalera zentroan, baina Zinemak Euskaraz ekimeneko kideak ez dira batere ados azaldu agerraldian entzundakoarekin. Euskarazko ikus-entzunezkoak indartu behar direla aldarrikatu dute prentsa-ohar bidez, eta helburua industria sendoa eta lehiakorra ehuntzea eta eraikitzea izanik, euskarazko ikus-entzunezkoen arlo duina bermatzea ezinbestekotzat jo dute.

Orain arteko ildoaren jarraipena besterik ez dela argudiatuz, ekimenak uste du tamalgarria dela “Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik eta EiTBtik egiten den apustu epela euskararen eta euskarazko ikus-entzunezkoen alde”. Horiek egindako irakurketak nahasmena sortzen duela eta errealitatearekin bat ez datorrela ohartarazi dute: “Datuek diote azken hamalau urte hauetan, EiTBk parte hartu duen 208 ekoizpenetatik, 70ek izan dutela soilik jatorrizko bertsioa euskaraz, hau da, EITBk lagundutako lanen heren bat izan dela soilik jatorrian euskaraz ekoitzia”. Hala, ekoizle elkarteekin sinatutako hitzarmen berriak gaztelerazko lanei lehentasuna ematen jarraituko dielakoan azaldu dira: “Onenean, proportzio horretan egiten diote euskarari ikus-entzunezkoetan tokia”.

Bestalde, euskal eta euskarazko ikus-entzunezko produkzioa egungo garaietara eguneratzearen garrantziaz mintzo zen Aldekoa EiTB komunikazio-taldeko zuzendaria Donostian egindako agerraldian, eta horretarako, EiTBk  parte hartuko duen proiektu guztietako euskarazko bertsioaren eskubideak erosiko dituztela aurreratu zuen, beren euskarrietan zabaldun dezaten. Baina Zinemak Euskaraz taldeak dio “bizi dugun diglosia mediatiko eta digital basatiaren testuinguruan, euskara gero eta zokoratuagoa” dagoela, eta erakundeek euskal ikus-entzunezko edukien hedapena eta kontsumoa indartu beharrean, “euskarazko ikus-entzunezko edukiena indartu behar” dutela, batez ere errealizadore berrien kasuan, horiek babestuz. “Lanak euskaraz ekoitz daitezen erraztu behar dute erakundeek, eta ondoren, lanok mundura zabaldu. Gaztelera ez dago arriskuan, beraz, ez du euskal erakundeen sostengu beharrik”.

Hala, hartu beharrezko premiazko neurriak zerrendatu dizkie Zinemak Euskarazek Eusko Jaurlaritza eta EiTBri, eta “ekoizle-elkarteekin edo bestelako eragileekin egiten dituzten agerraldi publiko bateratuetan, komunikazio hizkuntza nagusia euskara” izan dadin eskatu dute, ekainaren 15eko prentsaurrekoan ez bezala.