Leire Apellaniz Lopez ekoizle eta zuzendari donostiarra saritu dute Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdian. Apellanizek berak -Marc Sempererekin batera- zuzendutako Canto Cósmico. Niño de Elche lanak Zuzendaritza Onenaren saria jaso du Film Luze Iberoamerikar Dokumentalen atalean.

Niño de Elche  artista da. Kantaria da. Probokatzailea da; jakintsua. Bere gurasoen semea da; Elxeko pertsona bat. Horiek guztiak eta bat ere ez aldi berean. Bada, Canto Cósmico. Niño de Elche, inguratzen duten, maite duten, behatzen duten eta bere artea partekatzen duten haien begiraden bidez, nortasun poliedriko horretan sakondu eta erretratatzen saiatu den ikus-entzunezkoa lana da. Besteak beste, C. Tanganak, Angélica Lidellek, Pedro G. Romerok, Raul Cantizanok, Israel Galvanek, edo Paqui eta Aladinok, bere gurasoek, osatu dute erretratu libre hau.

Lau eskutara eraikitako dokumental honek Leire Apellaniz donostiarra eta Marc Sempere valentziarra ditu zuzendari eta, bizitza laburra izanagatik, ibilbide arrakastatsua egina du jada nazioarteko zinema erakustaldi hainbatetan. Besteak beste, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol Jaialdian –Dokumental onenaren saria eskuratu zuen bertan-, Malagako Zinema Jaialdian eta, berriki, Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdian aritu da lehian.

Hain zuzen ere, Mexiko aldetik heldu dira berri onak. Film luze Iberoamerikarren atalean, dokumentalei zuzendutako sariketan nabarmendu da lana eta zuzendaritza onenaren saria eskuratu dute Leire Apellanizek eta Marc Semperek.