Iruñean eta Gasteizen erakutsi ostean, Bizkaiko hiriburura iritsiko da Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana. Bilbo Zaharreko Xake Espazioan pantailaratuko dute, 19:30ean, Mari Nieves Diaz amaren eta Iratxe Sorzabal alaba torturatuaren testigantzak jasotzen dituen sorkuntza.

Bi arnas dokumentala Bilbo-zinea

Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikustaraztea du helburu filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.

Bi arnas dokumentalak Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du, eta maiatzaren 22an ikusi zuen argia. Izan ere, Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsi zuten aurrenekoz Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana (estreinaldiaren kronika irakurgai, hemen), eta ordutik, herriz herri ari dira emanaldiak egiten. Ordizian, Iruñean, Gasteizen eta Oiartzunen izan dira, eta gaur, Bizkaiko hiriburuan egongo da ikusgai. Bilbo Zaharreko Xake Espazioan pantailaratuko dute, 19:30ean.

Herri ekarpenaren indarra

“Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak”. Hitzok erabilita aurkeztu zuen iragan urtarrilean herritar talde batek esku artean duen  irabazi asmorik gabeko proiektua. Egitasmoa martxan jarri zutenean, 15.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten, ekoizle handien eta diru-laguntza publikoen babesik gabe, eta itsulapikoa.eus ataria erabiliz, auzolanaren eta elkartasunaren bidez, 12.525 euro lortu zituzten sustatzaileek, ezarritako kopuru optimoa gaindituz.