Animadeba Nazioarteko Animazio Jaialdiaren egitarauak garapen fasean dauden proiektuentzako Work in Progress jarduera hartuko du aurten ere. Lanak aurkezteko epea ekainaren 20an amaituko da.

Animazioa haur zein helduentzako generoa dela aldarrikatzeko eta bertan zein gure mugetatik kanpo ekoitzitako film labur eta luzeei ikusgarritasuna emateko bulkadaz sortu zuten Animadeba jaialdia, orain 15 urte.

Gabonetako oporraldia baliatuta, Debako Agirre jauregiko ispiluen gelan egiten zituzten emanaldiak, lehen urteetan, lehiarik gabe. Baina festibala forma hartzen joan da azken edizioetan, eta gortina lehiaketa lehenik, eta film laburren sail lehiatua gero, gehitu dizkiote ekimenari. Horrez gain, Udalak hartu du jaialdia antolatzeko ardura eta saioak Kultur Elkartera lekualdatu dituzte. Bada, 2019az geroztik izen handiko zinemaldien zerrendako kide da eta, besteak beste, ANNECY – Animaziozko Nazioarteko Zinemaldian parte hartzen duen jaialdietako bat da.

Ikasturte berriaren hasierarekin batera egingo dute, irailaren 7tik 10era bitartean. Edizio berezia izango dute aurtengoa, hain zuzen ere, hamabosgarrena, eta buru belarri ari dira jada prestaketa lanekin.  Lehiatuko diren filmen hautaketa osatzeak behar du izan lehen urratsa, eta horretarako deialdia zabaldu zuten martxo aldera.

Work in progress deialdia

Horrekin batera, animaziozko film laburrei, bideoklipei eta telesailei zuzendutako Work In Progress sailaren deialdia iragarri zuten ere. Honen bidez, animaziozko lanen sorkuntza sustatu nahi dute, baita proiektuak ezagutarazi eta garatzen lagundu ere, eta epaimahaiak aukeratutako.

“Enbrioi fasean” edota garapenean duden animaziozko film proiektuei zuzendutako jarduera da, eta hautatuak suertatzen direnek, hamabost minutuko tartea izango dute jaialdian bertan epaimahaiaren eta profesionalen aurrean egitasmoa aurkezteko.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek, azken egunak dituzte aurretik proiektua zein haren inguruko datu eta azalpenak info@animadeba.com helbidera bidaltzeko. Ekainaren 20an ezarri dute antolatzaileek horretarako epe-muga.

Ikusi deialdiaren oinarriak, hemen.