Zuzendaria: Alauda Ruiz de Azúa

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria, Espainia

Amatasunaren eta zaintzaren haritik tiraka sortu du Ruiz de Azuak Cinco lobitos film laudatua. Laia Costa du protagonista. Ama izan berri den eta nola jokatu behar duen ez dakien Amaiaren paperean ikusiko dugu, eta Susi Sanchez Goya sariaren irabazleak bete du Begoña amaren papera; Ramon Bareak Koldo aitarena. Horrez gain, Mikel Bustamante jarri da Javi senar umoretsu eta, tarteka, axolagabearen paperean.

Ama izan berri da eta ez daki zer, ez daki nola. Ez digutelako inon erakusten; bizitza bera bezala. Hain zuzen, horixe da Cinco Lobitos, bizitza bera: itxuraz, eguneroko istorioa, edozein etxetan gertatu daitekeena. Izan ere, ziur zure etxean gertatu dela. Baina badu berezitzen duen “zera hori”, transzendentea eta hunkigarria bilakatzen duena da; zeharkatzen zaituena, uzkurtu eta amaierako kredituak iristerako joan-etorrian astindu egin zaituena. Bizitzak bezala, baina poesia apur batekin.

Amatasunaz harago -ez baitut uste amatasuna denik film honen ardatza-, zaintza lanen iruzurra, biziraupena (edo biziraun beharra), haziera edota prozesu guzti horietan gizonezkoek duen parte-hartze ezgaia jartzen ditu zuzendariak mahai gainean. Minak eta ezinak. Iraganekoak, orainari dagozkionak edo etorkizunekoak.

Emaitza errealitate handiko filma da, agerikoa, baina sinesgarria oso. Bereziki nabarmen, Susi Sanchez eta, batez ere, Laia Costa protagonistaren lan bikainak. Filmean ere, bizitzan bezala, norbaitek (emakume batek) eutsi behar diolako.