Erronka sozial eta teknologikoei aurre egiteko eta ikus-entzunezko euskal ekoizpen independentea sendotzeko, EiTB, IBAIA, EPE-APV eta APIKA taldeetako ordezkariak Donostiako Tabakalera zentroan elkartu ziren atzo. Ordura arteko hitzarmena berrituz, emakumeek sustatzen dituzten ikus-entzunezko proiektuen garapenaren alde lan egitea ere adostu dute.
Euskal kultura babesteko, sustatzeko, bultzatzeko eta ezagutzara emateko indarrak batzeko asmoz, Andoni Aldekoa EiTB komunikazio-taldeko zuzendaria, Marian Fernandez IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen elkarteko presidentea, Carlos Juarez EPE-APV Euskal Produktoreen elkarteko presidentea eta Maria Teresa Ruiz de Austri APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkarteko presidentea Tabakaleran elkartu ziren atzo goizean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere bertan izan zen, eta alde guztiek, “oso garrantzitsutzat eta aurrera begira estrategikotzat” jo zuten sinatutako akordioa.
Euskararen erabilera eta normalizazioa helburu duen hitzarmena “euskal eta euskarazko ikus-entzunezko produkzioa egungo garaietara eguneratzera” datorrela aipatu du Aldekoak, eta azpimarra berezia jarri du edukiak era guztietako kanaletan eta plataforma digital berrietan zabaltzeko konpromisoan. Jatorriz euskarazkoak diren lanak plataforma digitaletan erakusteko nahia azaldu du: “EITBk parte hartuko duen proiektu guztietako euskarazko bertsioaren eskubideak erosiko ditu. Gure euskarrietan zabaldu, eta, batez ere, lantzen ari garen Primeran gure plataforma digitalean egon daitezen”.
Bestalde, hitzarmenera batu berri den APIKA elkarteko Teresa Ruiz de Austrik “oso pozik” dagoela aitortu du, EiTBren aldetik “prozesuan borondate ona ikusi” duela gehituz. Juarez EPE-APVko presidenteak zinemagile gazteek talentu handia dutela eta haiekin erantzukizuna dutela gogorarazi du. IBAIAko presidente den Fernandezek, bere aldetik, hausnarketarako deia aldarrikatu du.
Industria lehiakor bihurtu
Hitzarmenean, gainera, euskal ikus-entzunezko alorrean emakume profesionalen parte hartzea sustatzeko neurriak hartu dituzte sinatzaileek. Xedea lanak produzitzeko, sortzeko eta garatzeko garaian hartutako erabakietan emakume gehiago egotea da, berdintasunik eza desagerrarazteko. Aldekoak adierazi du “EITBk babestuko dituen proiektuen % 40a, gutxienez, emakumeek sustatutako proiektuak” izango direla.
Horrez gain, euskal ekoizpen independentearen kontsumoa handitzeko eta euskal zinemagile berriei babesa emateko lehiakor bilakatu nahi dute industria. Horretarako, EiTBk eta elkarteek nazioartean garrantzi handia izango duten ikus-entzunezko lanen garapena eta nazioarteko koprodukzioena sustatzea adostu dute. Hala, lehentasuna emango diote euskal kultura eta euskara nazioartean sustatzeari.