Ekoiztetxe txikiei zuzendutako NEXT GEN FILM FINLAB laborategia aurkeztu du EGEDAK, Donostia Zinemaldiaren lankidetzarekin. Ikus-entzunezko lanen lege- eta kontratu-egituraketan eta finantzaketan sakontzea du xede.

EGEDA 1990eko irailaren 18an sortu zen Espainian, eta 1993an hasi zen lanean, egile-eskubideengatik dirua biltzen hasi zenean. Ikus-entzunezko Ekoizleen eskubideak kudeatzeko erakunde gisa dihardu, eta Txilen, Kolonbian, Espainian, AEBn, Ekuadorren, Perun eta Uruguain zehar banatzen diren bere bazkideen interesak defendatzea du xede.

Bada, bere jardun helburuaren baitan kokatzen da  NEXT GEN FILM FINLAB deialdia. Baliabide urriak dituzten ekoiztetxe txikiei zuzendutako ekimena da, eta ikus-entzunezko lanen lege- eta kontratu-egituraketan eta finantzaketan trebatzeko tresnak partekatuko dira bertan. Bestela esanda, erakundeak gaztelaniazko ikus-entzunezkoen ekoizpenaren arloko talentu gaztearen aldeko apustua egingo du, proiektuak egin eta banatzeko funtsezko ezagutzen sustapenaren bidez.

Lantegia garapen-bidean dauden eta gaztelaniaz dauden proiektuak dituzten ekoiztetxe gazteei zuzenduta dago. Gutxienez ikus-entzunezko lan bat duten ekoiztetxeek parte-hartu ahalko dute tailerrean, eta gaztelaniazko proiektu baten gidoi oso bat, gidoi-tratamendu bat eta aurrekontu bat aurkeztu beharko dituzte, ekainaren 30era bitartean. Proiektu bakoitzeko bi pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta bietako bat ekoizlea izango da nahitaez. Harekin batera, proiektuko gidoilaria edo zuzendaria egon ahalko da. Uztailaren 24an emango du hautatuen berri.

Egoitza-erregimena izango du ekimenak, irailean ospatuko da, eta egonaldiak Madrilen, Santanderren eta Donostian egingo dira. Izan ere, proiektuak Donostia Zinemaldiaren, Santanderreko Nazioarteko Zinema Astearen, Botín Fundazioaren, Andersen Taxen, Écija Abogadosen, Wandermoon Financeren, CREA SGRren, Sundance TVren, FIPCAren, INCOPRODUCTIONren eta Platino Industriaren lankidetza dauka.

Izen.ematea INCOPRODUCTIONen webgunearen bitartez (https://incoproduction.com/home) egin beharko dute interesatuek: erabiltzailea sortu, eta merkatuen eremuan NEXT GEN FILM FINLAB aukeratuta. Ekainaren 7tik 30era jasoko dituzte proiektuak.