Irailaren 16tik 24ra bitartean erakutsiko ditu jaialdi donostiarrak zinemagile frantziarraren filmak. Euskadiko Filmategiarekin batera, Zinemaldiak zuzendari eta gidoilariari buruzko liburua argitaratuko du ere.
Donostia Zinemaldiak Espainiako Zinematekarekin elkarlanean antolatutako atzera begirako eta argitalpen bildumak ez du jarraipenik izango aurten. Bada, festibalaren 70. urteurrena aprobetxatuz, etapa berri bat abiatuko dute, eta aurrerantzean Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan plazaratuko ditu ziklo berezien liburuok. Claude Sauteti buruzkoa izango da lehen alea, izan ere, 2022ko Donostia Zinemaldiko atzera begirakoa eskainiko dio zinemagile eta gidoilari frantziarrari ekitaldiak.
Frantziar zinemagintzako bi belaunaldiren bidegurutzean kokatu ohi da Sautet, gerraosteko errealizadoreen eta Nouvelle Vague mugimendukoenen artean ere. Hala ere, Romy Schneider, Michel Piccoli edo Emmanuelle Béart artistekin egindako kolaborazioengatik da ezaguna. Montrougen jaio zen 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean, zuzendari-laguntzaile izanik sartu zen industrian, eta André Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako komedia zein kontakizun kriminaletan lan egin zuen. Georges Franjuren itzal handiko film horretan gidoilari ere aritu zen.
Bonjour sourire! (1956) lanarekin egin zuen debuta, komedia musikal bat, egingo zuenaren oso bestelakoa. Polar generoko filmak zuzendu zituen, besteak beste, Le Fauve est lâché (1959) edota Classe tous risques (1960), Lino Ventura aktore zuela. Honek L’Arme à gauche (1965) lanean ere izan zuen zeresanik. Nouvelle Vague olatua jaio zenean, Sautet mugimenduko parte izan ez bazen ere, Jean-Paul Belmondo izan zuen zenbait filmetan bidelagun. Hala, Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre (1963) filmaren gidoia idatzi eta beste zenbait polizia-filmetan parte hartu baitzuen.
Hamarkada aldaketa iristearekin batera, Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena inauguratu zuen, Romy Schneiderren eta Michel Piccoliren bultzadari esker. Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) izan ziren lan entzutetsuenak, eta Yves Montandek ere bat egin zuen taldean, César et Rosalie (1972) eta Vincent, François, Paul et les autres… (1974) filmetan. Hiru aktoreekin drama ilunaqgoak egiteari ekin zion ostean: Mado (1976), Une histoire simple (1978) eta Garçon! (1983). Guztiek, amodio-desadostasunak eta -elkartzeak dituzte ardatz.
80ko hamarkada bete-betean, drogazale baten emozio- eta familia-errehabilitazioa hizpide duen Un mauvais fils (1980), eta Sandrine Bonnaire zein Daniel Auteuil protagonista izan zituen Quelques jours avec moi (1988) zuzendu zituen; 90eko hamarkadan, aldiz, Emmanuelle Béart aktorearekin egin zituen bere azken bi film luzeak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995), amodio-triangeluei eta ezusteko erakarpenei buruzko drama delikatuak.
Bere azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiersen barruan sartu zen. Kolektibo hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten –besteak beste Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala–, eta film labur formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).