Urriaren 28tik azaroaren 4ra egingo dute 2022ko edizioa, eta gaurtik aurrera, beldurrezko eta fantasiazko film luze eta laburrak bidaltzeko aukera dago. Abuztuaren 15era arte egongo da epea irekita.

33-fantasiazko-beldurrezko-zinemaren-astea

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen arduradunak ekitaldia prestatzen hasi dira jada, eta ekaina hasieran Macarena Gómez aktore espainiarra protagonista duen irudia aurkeztu ondoren, jaialdian parte hartuko duten lanak jasotzeko deialdia ireki dute.

Film luzeen kategorian, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera errodatutako 30 minutu baino gehiagoko beldurrezko zein fantasiazko lanak bidali daitezke, eta izen-ematea MoviBeta plataformaren bidez egin behar da. Film laburrei dagokienez, ostera, 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren osatutako 30 minutuz azpiko lanak onartuko dituzte, baina kasu honetan, izen-ematea Short Film Depot plataformaren bidez egin daiteke soilik. Bi kasuetan, gaur hasi eta abuztuaren 15era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.

Film luzeen artean ikus-entzuleen saria banatuko dute, balio ekonomikorik gabeko garaikurra, eta laburren kategorian, zazpi sari banatuko dituzte: ikus-entzuleen bozketa bidez erabakiko dituzten hiru sari –film labur onenarena, animaziozko film labur onenarena eta Espainiako film labur onenarena-, nazioarteko epaimahaiaren saria eta Zilarrezko Méliès saria Europako film labur onenari. Sari bakoitzak 1.000 euroko ordainsaria izango du. Aldiz, Espainiako film labur onenari emandako Syfy sariaren hartzaileak 3.000 euro jasoko ditu; baina Gazte Epaimahaiak ebatzitako lan onenak ez du balio ekonomikorik duen errekonozimendurik hartuko.

Ezagutu parte hartzeko oinarriak eta baldintzak, hemen.