Sophie Peyrard eta Anne Cutaia zinemagileek zuzendutako lana Gasteizko Montehermoso Kulturunean pantailaratuko dute, ekainaren 15ean, 19:00etan. Sarrera doan da, baina bertaratu nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute aldez aurretik.

Rockumentalen zikloa-zinea

Gasteizko Udala, Zinhezba elkartearen laguntzarekin batera, rock musika eta zinema dokumentala uztartzen dituen zikloa ari da egunotan gauzatzen. Ekainaren 1ean ekin zioten lehenengo edizioari, eta hilabete bukaeran hirian ospatuko den Azkena Rock Festival jaialdira bertaratuko diren artisten inguruko hiru lan jarri dituzte ikusgai. Hain zuzen ere, Suzy Quatro rock musikako izarraren erretratu poliedrikoa izan nahi duen Suzi Q (Liam Firmarger, 2019) pantailaratu zuten Montehermoso Kulturunean, eta Ilegales taldeari errepasoa ematen dio Ilegales: Mi vida entre las hormigas (Juan Moya eta Chema Veiga, 2017) dokumentala eman zuten hurrengo asteazkenean, ekainaren 8an.

Bihar berriz, musikaren eta punkaren historiaren izen handi bati buruz egindako lanak itxiko du rockumentalen zikloa: Patti Smith: Electric Poet. Saioa 19:00etan hasiko da, eta sarrera doan bada ere, ezinbestean, emanaldira gerturatu nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute, entradium.com atarian sartuz edota 945161830 telefono zenbakira deituz.

Abeslariak goitik behera astindu zituen rock’n’rollaren eta poesiaren kodeak, eta bere belaunaldiko ahots garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Hogei urte eskas zituela iritsi zen New Yorkera, hippien mugimendu kulturala desagertzear zenean. Smithek garaiko kode guztiak urratu zituen: klitxe huts bihurtutako rock’n’rolla, poesia prosaikoegia eta abar… Berrogeita hamar urteko ibilbidean, eta arrakasta komertzial bakarra tartean, bizirik dagoen mitoa bihurtu da.

Indarra hartzen ari den generoa

Rockumentala edo dokumental musikala zinemaren industrian oihartzun handiko generoa da. Martin Scorsese, Jim Jarmush, Jonathan Demme edo Wim Wenders bezalako zinemagile ospetsuek zuzendu izan dituzte dokumental musikalak azken urteotan, eta ondorioz, gero eta presentzia handiagoa hartzen ari da Canneseko, Veneziako edota Berlineko zinema jaialdietan.

Zinema zikloaz gain, antolatzaileek Stuart MacDonald argazkilariaren «Women To The Front: Volume 1» erakusketa jarri dute martxan. Ekainaren 30era bitartean rock musikan emakumezkoek ere presentzia badutela aldarrikatuko dute Montehermoso Kulturuneko lehenengo solairuko aretoan.