Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC (2022) eta Casablanca beats (2021) lanek osatuko dute 2022ko zinema eskaintza. Musika eta filmak uztartuz, agur esango diote Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari.
Hiriko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu, eta zortzi urtez musika-kontzertuak, zinema emanaldiak, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerki-saioak eta bestelako ekimenak jaso ditu egoitzak. Baina ekainerako prestatu duten egitarauarekin batera itxiko ditu ateak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak, eta agur-festan zinema protagonista izango da, baita musika ere.
Bi diziplinak uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloa ohi baino murritzago gauzatuko da aurten. Ekainaren 28an eta 29an film bana pantailaratuko dituzte euskarazko azpitituluekin, FILMAZPIT elkartearekin elkarlanean, eta Liher zein Lamiak musika taldeek zuzeneko kontzertua emango dute hilabeteko azken egunean.
Danny Garcia zinemagile espainiarraren Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC filmak irekiko du Kortxeak & Krispetak zikloko zortzigarren edizioa. Donostiako Dock of the Bay zinema jaialdian lehiatu eta aipamen berezia jasotzetik dator. New Yorkeko Max’s Kansas City klub areto aitzindariaren historia eta 70eko hamarkadako Punk Rockaren eztanda izango ditu dokumentalak hizketagai. Andy Wahol, Alice Cooper, Velvet Underground, Uggy & The Stooges, Blondie, eta beste hainbatek izan zuten taberna hura babesleku.
Zikloko bigarren eta azken saioan, Nabil Ayouch marokoar jatorriko zuzendari frantziarrak zuzendutako Casablanca beats fikziozko filma eskainiko dute. Anasek, rapero ohiak, Casablancako auzo xume bateko kultur etxe batean kolaboratzen du. Bere irakasle berriak bultzatuta, gazteak tradizio jakin batzuen zamatik askatzen saiatuko dira, beren pasioa bizitzeko eta hip hop kulturaren bidez beren burua ezagutzeko, adierazpen askatasunaren aurkako mehatxu ugari jasaten dituen gizarte baten barruan.
Bi zinema emanaldiak Ortuño aretoan izango dira; kontzertua, berriz, Falerina lorategian. Hiru ekitaldiak, 19:00etan hasiko dira, eta bertaratu nahi dutenek gonbidapenak eska ditzakete Oihaneder Euskararen Etxearen webgunean.