Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, El radioaficionado (Iker Elorrieta, 2021), Maixabel (Iciar Bollain, 2021) eta Destello bravio (Ainhoa Rodriguez, 2021) erakutsiko dituzte Different! L’autre cinéma espagnol zinemaldian; Leire Apellaniz bilbotarrak eta Ion de Sosa lasartearrak ekoiztutako Espiritu sagrado (Chema Garcia Ibarra) ere egongo da ikusgai.
Parisko Cervantes Institutuaren egoitzan ospatuko dute aurten 14. edizioa beteko duen zinema jaialdia. Ekainaren 15ean ekingo diote festibalari, eta hilaren 19ra bitartean zortzi film eskainiko dituzte guztira. Filmetan parte hartu duten zuzendari edota teknikariak gerturatuko dira, horiek aurkezten.
Hilaren 16an, Espiritu sagrado erakutsiko dute, 21:00etan, eta García Ibarra zinemagileak parte hartuko du saioan. Herrikideak desagertutako neskatxa baten bila dabiltzan bitartean, OHE-ak bilatzeko gau bat antolatuko dute “Ovni-Levante” ufologia-zale elkarteko kideek. Baina, José Manuelek sekretu bat izango du gordean: gizakiaren patua bere eskuetan egongo da.
Hurrengo egunean, ordu berean, Destello bravio lanaren txanda izango da, eta Eva Valiño soinu teknikariak aurkeztuko du. Malagako Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia zein muntaketa onenarena eskuratu zituen iaz drama fantastiko honek. Nekazal giroko Extremadurako herrixka bateko emakumeak amaierarik gabeko apatia egoeran bizi dira, zoriontsu egingo dituen esperientzia askatzaileak bizitzeko gogoz. Isa, Cita eta María dira filmeko protagonistak, Guadalupe Gutierrez, Carmen Valverde eta Isabel Maria Mendoza aktoreek antzeztutako pertsonaiak. Hustutako Espainiako andrazkoen errealitateren erretratu magnetikoa.
Ekainaren 18an, 21:00etan, Elorrietak bere lehenengo film luzea izango du hizketagai: El radioaficionado. Nikolas autismoa duen 30 urteko gaztea da, eta ama hiltzen zaionean, jaioterrira bidaiatzea erabakiko du. Misio bat bete nahi du, bi egunean itsaso zabalera heltzea. Bertan Ane aurkituko du, laguntzeko prest dagoen haurtzaroko lagun bakarra. Hala ere, komunikatzeko dituen zailtasunak direla-eta, Nikorentzat ez da erraza izango. Izan ere, mundu guztiak ez du maiztasun bera sintonizatzen.
Different! L’autre cinéma espagnol zinemaldiaren azken egunean, 19:00etan, aldiz, Bollaínek zuzendutako eta Kowalski Films eta FeelGood ekoiztetxeen arteko ekoizpena den Maixabel filmak agurtuko du 14. edizioa, zinemagilea bertan izango dela. 2000 urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan María Jauregui hil zuen ETAk. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen: bere senarra hil zuten gizonetako elkarrizketa bat izateko eskaera egin zion, Langraiz Okako espetxean (Araba), zigorra betetzen ari deneko kartzelan, talde terroristarekin zituen harremanak eten ostean.
Horiez gain, Alegría (Violeta Salama, 2021), Seis dies corrents (Neus Ballús, 2021), Josefina (Javier Marco, 2021) eta Cuñados (Toño Lopez, 2021) ere emango dituzte.
Informazio gehiago, hemen.