Laida Lertxundik zinemagileak gidatutako 8 Topaketa ekimenaren seigarren hitzordua egingo dute ekainaren 15ean eta 16an. Ketuta Alexi-Meskhisvili artista izango da bertaratuko den gonbidatu berezia, eta Bilboko Artxanda mendia izango du kokaleku.

2021eko urtarrilean eman zion hasiera Laida Lertxundi bilbotarrak proiektuari. 8 Topaketa eskola iragankor gisa pentsatuta dago, praktika pedagogikoak eta film bat ekoizteko prozesuen deseraikitzea batzen baititu zerbait berria sortzeko. Zortzi hitzordu egingo dituzte orotara, ikastaro eta filmaketa kolaboratibo izango direnak, eta 16 mm-ko obra bat izango dute emaitza.

Bada, topaketa bakoitzak bi zati ditu: lehenengoan, artista gonbidatu batek gidatutako mintegia eginteb dute Azkuna Zentroan. Bigarren zatian, aldiz, filmaketa lanak egiten dituzte Bizkaiko mendi batean. Horietako bakoitzak prozesu espezifiko bat hartuko du kontuan, ekoizpen zinematografiko tradizionalaren faseen barruan (kokapena, interpretazioa, gidoia, soinu-banda, ekoizpena, kamera, argiztapena eta edizioa) eta ber definitu egingo ditu, mugimenduan dagoen irudi-lan bat sortzeko ideia eta parametroen multzo zehatz bat eratzeko.

Bada, programaren seigarren hitzordua egingo dute egunotan -ekainaren 15ean eta 16an,  LO QUE NO PODEMOS VER izenpean. Ketuta Alexi-Meskhisvili artista eta argazkilaria izango da profesional gonbidatua, asteazken arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, arituko da Azkuna Zentroan. Georgiarrak hizkuntzarekin lan egingo du, ikusezintasunaren ideiaren inguruan.

Ostegunean -hilak 16-, aldiz, Artxanda mendira egingo dute irteera argazkilariak zein parte-hartzaileek. Bertan, metodoak hizkuntza metodo berriak sortuko dituzte, ezin ikus daitekeena ezagutarazteko edo ezagutzeko, 16 mm-ko argazkigintza analogikoko eta zinemako teknikak erabiliz.

IZEN-EMATEAK

Parte hartu nahi dutenek info@azkunazentroa.eus helbidera idatzi beharko dute. Ikusi ekitaldiaren informazio zabalagoa, hemen.