Itsulapikoa.eus plataforma bidez, material berria erosteko crowdfunding kanpaina jarri dute martxan. Pantaila profesional bat eta proiektore bat erosteko asmoa du ekimenak, gero herri mugimenduaren esku uzteko. 4.000 euro lortzeko erronka ezarri dute, uztaila erdialdera bitartean.

Zinemaldi Alternatiboa-zinea

14 urte beteko ditu aurten Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Zinemaldi ofiziala hasi baino egun bat lehenago ekin ohi diote egitarauari, eta berau bukatu osteko egunera arte luzatzen da. Gauero dokumental bat proiektatuko dute irailaren 15etik 25era bitartean, parkeetan, gaztetxeetan eta oraindik zehazteke duten beste espazio publikoetan. Erabat militantziatik eta euro gutxirekin antolatzen dute herritarrek Zinemaldi Alternatiboa, eta emanaldien kalitatea bermatzeko pantaila profesional berri bat eta proiektore bat erosi nahi dituzte. Horretarako, crowdfunding kanpaina abiatu dute itsulapikoa.eus plataforma bidez.

“Gure asmoa da herri mugimenduei dei zuzena egitea crowdfundingean parte har dezaten beren aukeren araberako ekarpena eginez, are gehiago jakitun, gero beharra duenak erabiltzeko modua egin nahi dugula. Ekarpen interesgarria dela iruditzen zaigu”, adierazi dute ekimeneko kideek. Izan ere, lortutako baliabideak komunitatearen esku jartzeko asmoa agertu dute. Zehazki, 2’5m x 3’2m neurrietako pantaila handi bat (950 euro) eta ilunabarretan erabiltzeko 2.000 euro inguruko kalitate altuko proiektorea dute begiz jota.

3.000 eta 4.000 euro artean lortzeko erronka ezarri dute, eta diru-bilketan parte hartzera animatzeko, Zinemaldi Alternatiboak diseinu berriekin atera dituen poltsa, kamiseta, jertse eta txanoteak herritarrei oparituko dizkietela gogorarazi dute, egindako ekarpenaren arabera. “Denon artean helburua lortzen badugu, gure asmoa izango da hurrengo urteetan ere kalean herri zinema eder bat antolatzeko (begiratu Googlen Usera Cinema eta gozatu) behar diren elementu guztiak eskuratzen jarraitzea da”.

Auzo gehiagotara zabaltzeko asmoa

2006an izan zuen Zinemaldi Alternatiboak bere lehen edizioa, eta ordutik hiriko hainbat tokitan egin dituzte emanaldiak. Iaz, adibidez, Sagueseko frontoian, Txantxarreka gaztetxean, Trinitate plazan, Letaman gaztetxean, Marruma Tabernan eta Gladys Enean antolatu zituzten proiekzioak, eta 300 lagun inguru bertaratu ziren.

Aurten, horiek mantentzeaz gain, auzo gehiagotara zabaltzeko asmoa dute: “Herritarrok guk geuk antolatuta, kalean zinema proiektatzean sortzen den komunitatea oso indartsua dela jakitun gara, eta hori sustatu nahi dugu indar osoz. Kultura, behetik eta herritarrontzat pentsatua, ohikoan zinema aretoetatik eta halako festibaletatik kanpo uzten dituzten lanez gozatzeko”.