Begoña del Testok, José Luis Rebordinosek eta Josemi Beltranek izango dute abenduaren 8tik 10era bitartean ospatuko den musika film laburren jaialdiko lan onenak erabakitzeko eskumena. Ikus-entzuleek ere gustukoen duten lana bozkatzeko aukera izango dute.

AMUA IN-EDIT epaimahaia

Bartzelonan, Madrilen, Europan eta Hego Amerikan egoitza duen In edit musika zinema jaialdiaren eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, AMUA elkarteak musika film laburren jaialdi “eklektikoa” jaio zen 2021, eta izandako oihartzunari jarraipena emanez, bigarren edizioa egingo dutela jakinarazi dute.

2022ko abenduaren 8tik 10era bitartean ospatuko dute bigarren edizioa, eta ekoizpen espainiarrak (edo egoitza Espainian duten ekoizle eta zuzendarienak) galdegin dituzte bertan lehiatu daitezen. Hautatutako lanek lau sari eskuratzeko aukera izango dute, eta zinemaren eta musikaren munduarekin harreman profesionala duten hiru kidek osatutako epaimahaia arduratuko da film labur onenak zeintzuk izan diren erabakitzeaz.

Donostia Zinemaldiko zuzendaria den Jose Luis Rebordinosek, Begoña del Teso kazetariak eta Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema Sailaren arduradunak izango dute lehenengo saria (2.000 euro), bigarrena (1.000 euro) eta hirugarrena (500 euro) ebazteko eskumena. Bestalde, ikus-entzuleek jaialdian erakutsiko dituztenetatik gustukoena zein izan duten bozkatuko dute, eta irabazleak 2.000 euro jasoko ditu.

Izen-ematea zabalik

Festhome plataformaren bidez aurkez daitezke 25 minutura arteko proposamenak, eta ekainaren 30ean itxiko dute deialdia. Edozein estilotan eta zentzu zabalean, musika gaiak lantzen dituzten filmak eskatu dituzte, baina zera zehaztu dute: “Musikak argi eta garbi nagusi izan behar du, ez da nahikoa lanak soinu banda propioa izatea. Solik soinu bandak narrazio eginkizuna badu edo gaia musikala bada onartuko da film laburra hautaketa batzordeak balora dezan”. Bideoklipak film laburrekin lehiatuko direla ere argitu dute.

Aurkeztutako lanek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztuak izan behar dute, eta guztiek euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluak izan beharko dituzte.

Irakurri AMUA IN-EDIT Musika Film Laburren Zinemaldian izena emateko oinarriak, hemen.