Fikzioa eta dokumentala izango dira nagusi Kimuak egitasmoaren 2022ko katalogoan. Hiru dira euskara hutsean filmatutakoak, gainerako laurak gaztelaniaz. Halaber, sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte.

EAEn ekoitzitako ikus-entzunezko proposamen laburrak nazioartean zabaltzeko helburua duen Kimuak programak 25. edizioa ospatuko du aurten. Berritasun gisa, Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Hirigune Elkargoko euskarazko film laburrak ere onartu dira, eta targetaren zabalkunde horren eraginez, 75 hautagairekin itxi da 2022ko deialdia, iaz baino 28 gehiago. Horiek aztertzeaz eta ebaluatzeaz zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independentea arduratu da, eta dagoeneko eman du bere epaia.

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Zineuskadik kudeatutako deialdiak euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta hautatutako zazpi lanak nazioarteko zinema jaialdi zein ospakizun garrantzitsuenetako bidaliko dituzte. Hiru dira euskara hutsean filmatutakoak, gainerako laurak gaztelaniaz. Halaber, sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte.

  • CONTADORES (Irati Gorostidi)

1978an, metalaren hitzarmen berri baten negoziazioetan dago kokatuta Contadores fikzioko film laburra. Militante libertarioen talde batek bere jarrera erradikala defendatuko du fabrikako kideen aurrean, langileen mugimenduaren atomizazioa etsipenez adierazten duten bitartean.

Santiago Fernández de Mosteyrín, Jaume Ferrete, Claugia Pagès, Iskandar Rementeria, Maite Ronse, Natalia Suárez eta Marina Suárezek osatzen dute aktore-taldea.

Zinemagile nafarrak bigarrenez hartuko du parte katalogoan, Arantza Santestebanekin aurkeztutako Euritan (2017) lanaren ostean. Tractora Koop E., artistaz osatutako kooperatiba bizkaitarrak, Apellaniz & De Sosa ekoiztetxe donostiarrak eta Maddi Barber nafarrak ekoiztu dute filma.

  • CUERDAS (Estibaliz Urresola Solaguren)

90 urte ditu Ritak eta desagertzear dagoen emakumez osatutako abesbatza batean abesten du, entsegu-lokala mantentzea ahalbidetzen dien udal diru-laguntza galdu dutelako. Abesbatzakideek erabaki beharko dute ibarreko enpresa kutsatzaileenetako baten babesa onartzen duten, taldearen jarraipena salbatu ahal izateko.

Aktoreen zerrenda Begoña Suarezek, Miguel Garcesek, Xanti Agirrezabalak, Jone Laspiurrek, Oier Zuñigak eta Ainhoa Jauregi Ruizeik osatzen dute.

Arabarrak Cannesko 61. Semaine de la Critique sailean erakutsi du bere bosgarren film laburra, eta Urrezko Erraila (Le Rails d’or) saria irabazi berri du.

  • FE (Maider Fernandez Iriarte)

Zer gertatzen da zientziak eta erlijioak bat egiten dutenean? Galdera horren bueltan sortu du zinemagile donostiarrak bere lana. Sofia da protagonista, ama birjina ikusi eta Lourdes bixitatzera joan ostean, sendagaitza zen gaixotasuna sendatuko zaio.  Bitartean, beste leku eta momentu batean, mediku talde batek bere kasua aztertuko du.

2022ko Malagako Zinemaldian estreinatu da, dokumental laburren sail ofizialean, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. BAFICI eta Las Palmaseko zinema jaialdietan ere erakutsi du bere lana aurten.

Bigarrenez hautatu dute KIMUAK programan, 2016an María Elorzarekin batera zuzendutako Gure hormek aurkeztu ostean.

  • HEMEN BIZI DA MAITASUNA (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia)

Katixa, 22 urteko gaztea gurasoen etxean bizi da. Logela eta egonkortasuna hankaz gora jarrita, egoera lehertu egiten zaio. Familiatik kanpo bilatzen du babesa, lagun duen Leirek lagunduta. Amarengandik askatzeak libreago egingo duela erabakita, etxetik joateko hautua egiten du. Ane Sagüés Abad, Miren Gaztañaga, Aroa Blanco eta Mila Goikoetxea dira aktoreak.

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuten bi sortzaileek EHUn, eta elkarrekin egindako proiektua 2021eko Aukera mentoretza programan aukeratua izan zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren euskarazko proiektu bat sustatzeko babesa jaso zuen ZINEBI jaialdian egindako pitching saioan.

  • HIRUGARREN KOADERNOA (Lur Olaizola)

Ana Torrentek haragitutako aktore bat eta Olaizola berak interpretatutako zinema zuzendari bat oinarri dituena. Gidoi zinematografiko bat entseatzen ikusiko ditugu, Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en egunerokoaren pasarteak biltzen dituena. Mexikon idatzi zituen lerrook, 1980tik 1985era bitartean, ETA erakundea utzi ostekoan. Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocío Díazescobar, Alexandra Kollontai, Tina Modotti eta beste hainbat emakumeei erreferentzia egingo diete Yoyesen hitzek.

Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailea da Olaizola, Xulia (2019) eta Zerua blu (2020) film laburren sortzailea. Azken honekin ere KIMUAK programan parte hartu zuen.

  • IRRITS (Maider Oleaga)

Izaro eta Clara 17 urteko neska nerabe bi dira, haurrentzako udalekuetako begirale lanetan ari direnak. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatuko du laguna. Izaro, desiraz blai, gertatu zaiona kudeatu nahian noraezean ibiliko da, Clarak eraman nahi duen tokira jarraitzeko prest. Izaro Nieto, Ángela Echániz eta Xabier Elizalde dira aktore nagusiak.

Malagako jaialdian estreinatu zen zinemagile bilbotarraren film laburra.

  • LANBROA (Aitzol Saratxaga)

Aita (Mikel Losada) eta alaba (Sara Balerdi) basoan bizi dira, isolaturik, eta zuhaitz artetik irteten den lanbroari beldur diotela. Izan ere, izaki bizidun ororen gorputzean eta adimenean efektu suntsitzailea eragiten du lanbroa horrek.

Ainara Mentxaka eta David Perez dira gidoilariak, eta Amania Films, Beude eta Euskal Herriko Zinema Eskolak (ECPV) ekoitzi dute.

Bilbotarraren hirugarren film laburra da Lanbroa. Hainbat bideoklip ere zuzendu ditu, Liher edo Las Selvas-en moduko taldeentzat. Soinu-banden konpositorea ere bada Saratxaga, eta irudi digitaleko teknikari eta kolorista gisa hainbat produkziotan egin du lan.